Aldaketak egin ditu Udalak herriko zenbait aparkalekutan

Udala herriko aparkalekuen lanketa egiten ari da eta hainbat bilera egin ditu herritarrekin gaia aztertzeko eta eremu batzuetako arazoei konponbidea emateko.

Anibarko Portua

Lanketa horren barruan, Udalak erabaki du aurrerantzean Anibarko Portuko aparkalekuak oriotarrentzat izango direla eta, beraz, kanpotik datozen ibilgailuek ezin izango dituzte erabili. Egun hauetan pintatuko ditu Udalak lurreko seinaleak, hori adierazteko.

Anibarko Portuan erabilera librekoak izango diren aparkaleku bakarrak ekialdeko muturrekoak izango dira (irudian, puntu zuri batez markatutako eremua).

Estropalari kalea

Estropalari kaleko aparkalekuak ere oriotarrentzat izango dira eta Udalak, kalea asfaltatu berritan, aldatu egin ditu hori adierazten duten lurreko seinaleak, seinale horizontal estandarrak jarrita lehen zeuden gorrien partez.

Bidegorria hondartzara

Hondartza-bideko errepidea egoera txarrean dago eta irailetik aurrera konponduko du Udalak, hondartzarako bidegorria egitearekin batera. Bidegorria egiten denean, aparkalekuetan ere izango dira aldaketa batzuk.

Autokarabanak

Autokarabana-guneak prestatu berri ditu Udalak eta, horrekin batera, seinaleak jarriko ditu hondartzako, Abaromendiko, Anibarko Portuko eta futbol-zelaiaren ondoko aparkalekuetan, jendeari gogorarazteko toki horietan galarazita dagoela autokarabanak (eta, orokorrean, 6 metro luzetik gorako ibilgailuak) aparkatzea. Abaromendiko aparkaleku zabalaren sarreran galiboa jarri du Udalak, 2,20 metrotik gorako altuera duten ibilgailurik ez sartzeko.

Moto-guneak

Udalak, bestalde, motoak aparkatzeko hiru gune berri jarri ditu (Abaromendi kalean, Goiko Kalean eta Anibarko Portuan) eta motozaleei gogorarazten die guztiz debekatuta dagoela motoak espaloitan aparkatzea. Moto-guneetan aparkatu behar dira motoak.

Aurrera begira

Udalak gaia lantzen segitzeko asmoa du, sortzen diren arazo berriei irtenbidea emateko eta ahalik eta irizpide egokienak finkatzeko, betiere oriotarren ongizatea lehentasuna izanda: TAO eremua, TAO makinen erabilera, aparkatzeko erlojuen erabilera…

 motoak21

estropalari21