Ostiralean, azaroak 28, organo-kontzertua izango da Bariko San Nikolas elizan, parrokiak eta Udalak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kontzertua 20:30ean hasiko da.
Organo-jotzaile ezaguna
Donostian jaioa da ALIZE MENDIZABAL organo-jotzailea eta han egin zituen piano eta klabizenbalo ikasketak, Goi Mailako Kontserbatorioan. Bitartean, Baionako Conservatoire Nationale de Règion zentroan organo ikasketak hasi zituen —Bernadette Carreau irakaslearekin hasieran eta Esteban Landart maisuarekin bukaeran—. Ikasketa horietan Urrezko Domina Lehen Saria lortu zuen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak beka emanda, Okzitaniako Tolosako Goi Mailako Kontserbatorioan sartu zen (CESMD), eta han hobekuntza-ikasketak egin zituen Michel Bouvard, Jan Willem Cansen, Louis Robillard eta Stèphane Bois irakasleekin. Han, ikasketen bukaeran, Lehen Saria eta Mention Très Bien l’unanimité du Jury lortu zituen.
Jean Boyer, Daniel Roth, Ullrich Spang-Hansen, Joris Verdin eta Zsigmond Szathmary irakasleekin ere ikasi du.
Kontzertu ugari eman du Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian, Barrokotik XXI. mendera arteko musika errepertorioa interpretatuz. Horrez gain, musika jaialdi askotan parte hartu du: Donostiako Musika Hamabostaldian, Toulouse les Orgues-en, Ciclo de la Universidad Complutense-n, Donibane Lohizuneko organo-jaialdian eta Abengoa Fundazioaren jaialdian, besteak beste.
Conductus Ensemble barroko-taldeko kide da 2002. urtetik. 2002/2003 ikasturtetik Eukal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioko piano osagarriko irakaslea da eta, horrez gain, organo-irakasle izan zen Baionako CNRko kontserbatorioan. Bestalde, Donostiako Koruko Andra Mariaren Basilikako organo-jotzaile titularra da.
PROGRAMA
Joko dituen piezak honako hauek dira:
Toccata, Adagio eta Fuga BWV 564……………………………..J. S. Bach
Wachet auf, ruft uns die Stimme BWV 645……………………J. S. Bach
Sonata VI, Op.65………………………………………………..F. Mendelsshon
Sinfonia V Op.42 N. 1……………………………………………….C. M. Widor
Allegro Vivace
Adagio
Toccata