Urtero bezala, Orioko Danbolin Musika Eskolan ikasten duten piano-ikasleek Andoaingo piano-jaialdian parte hartuko dute.
Otsailaren 16 eta 17an, larunbata eta igandea, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo da XIV. Andoaingo Piano Jaialdia, Andoaingo Udalak eta Deiadar elkarteak antolatuta. Aurtengo deialdian musika-eskola eta konserbatorio askotako ehunka piano-ikaslek hartuko du parte, 7 urtetik 18 urte bitartean. Jaialdia izateaz gain, txapelketa ere bada.
Bi egunetan 9:30etik 20:30era, pianojoleak jo eta ke arituko dira Bastero Kulturguneko auditorioan eta ekitaldi-aretoan. Horien artean Danbolin Musika Eskolako 13 ikasle izango dira, 8 eta 15 urte bitartekoak. Bi modalitatean parte hartuko dute: piano bakarlaria eta pianoa lau eskutara.
Otsailaren 16an, larunbatean, ikasle hauek joko dute:
– Piano-bakarlaria, A mailan:
* 10:15etik 11:00etara; Paul Sarasua.
– Pianoa lau eskutara, A mailan:
* 12:00etatik, 12:45era; Irati Chinchurreta eta Julen Lekuona.
* 12:00etatik, 12:45era; Maddi Etxeberria eta Uxue Aginalde.
– Pianoa lau eskutara, B mailan:
* 17:30etik, 18:15era; Beza Ijurko eta Uxue Etxeberria.
Otsailaren 17an, igandean, ikasle hauek joko dute:
– Piano-bakarlaria, A mailan:
* 10:30etik, 11:00etara; Oier Iruretagoiena.
– Piano-bakarlaria, C mailan:
* 12:30etik, 13:15era; Leire Olariaga.
– Pianoa lau eskutara, C mailan:
* 15:30etik, 16:15era; Maddi eta Anne Orzaiz.
Asteburu trinkoaz gainera, otsailaren 15ean, ostiralean 19:15ean, Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionaleko orkestra sinfonikoarekin batera, Ane Blázquez-ek ARMENTER SAMPABLO Fantasia joko du, XIV. Andoaingo Piano Jaialdiaren irekierako kontzertuan. Ane, Danbolin Musika Eskolako ikasle izateaz gain, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasle ere bada.
Aurten, berrikuntza gisa, Clara Schumannen jaiotzaren bigarren mendeurrena aitzaki, Clara eta Robert Schumannen obra pianistikoak prestatzeko eta aurkezteko aukera hartu du Sara Loidik. Sari berezia lortzeko kontzertuan, Robert Schumanen “Gaztaroko albuma” op. 68 nº 13 joko du.
Danbolin Musika Eskolako gaztetxoak; B. Bartoc, M. Mier, J. Garcia, R. Sherman, A. Collins, C. Rollins eta G. Faure-k egindako piezak aukeratu, prestatu eta joko dituzte.
Bukatzean, parte-hartzaileek diplomak eta dominak jasoko dituzte: urrezkoak, zilarrezkoak edo brontzezkoak. Txapelketa honetan nor bere buruarekin lehiatzen da eta ez aldamenekoekin.
Antolatzaileen nahia partaideentzat eta berekin batera hurbiltzen diren guztientzat gozotasun giroa lortzea da, eta normalak diren urduritasun guztien gainetik, jai giro polita sortzea. Ekitaldiaren bukaeran, igandean, amaierako kontzertua izango da, eta bertan aipamen bereziak jasotzen dituzten ikasleek parte hartuko dute. Danbolin Musika Eskolako ikasle guztiei eta Audra Almanaityte irakasleari zorte ona opa diegu. Gonbidatuta zaudete guztiok musikaz gozatzera.