Ekainaren 28an ospatzen da nazioartean LGTBI kolektiboaren eguna, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideak aldarrikatzeko.
Hori dela-eta, Orioko Udala osatzen duten lau alderdiek segidan datorren adierazpen hau kaleratu dute eta publiko egiten dute, herritarrek horren berri izan dezaten:
Aniztasun eta identitate sexualen aldeko adierazpena
Ekainaren 28an mundu osoko kaleak, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGTBI kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. 2016. urtean 47 urte beteko dira Stonewalleko (New York) matxinadatik. Egun hori berezia da oso askatasun sexualaren mugimenduaren baitan, mugarri izan baitzen erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen, trans eta intersexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra egiteko.
Orduko mobilizazioek sexu-askatasunaren aldeko antolakuntza bultzatu eta lanerako indarra eman bazuten ere, 47 urte geroago diskriminazio-egoerak ez dira amaitu. Are gehiago, zenbait kasutan, bestelako diskriminazio-egoerekin batu dira eta baztertze-egoera larrietan utzi ditu lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualak. Kapitalismoak eragiten dituen diskriminazioei, beraz, eredu matxista eta patriarkalaren bazterketak gehitu zaizkie, pertsona guztien —eta, bereziki, LGTBI kolektiboaren— ongizatea kinka larrian jarriz.
Besteak beste, honelako kasuak bizi ditugu gaur egun Euskal Herrian: immigrante ez heterosexualak, pobrezian bizi diren emakume lesbianak, beltz eta transexualak direnak, familia nuklearrean oinarritutako bizi ereduekin bat egiten ez duten pertsonak, generorik gabeko identitateak dituztenak, eta abar. Bi arrazoigatik dira diskriminatuak pertsona horiek: arrazoi sozioekonomikoengatik, batetik, eta baita genero arrazoiengatik ere.
Izan ere, Hego Euskal Herrian oraindik ere egunerokoak dira homofobia, lesbofobia eta transfobiaren eraso fisiko zein ahozkoak, Euskaltzaindiaren generoaren araberako izenen katalogazioa, familia eredu bakarraren inposizioa eskubideak bermatzeko, liburu eta eduki multimedia sexista, eta abar.
Nazioarteko egoerari begiratuta, gero eta herrialde gehiago dira sexu-askatasunaren aurkako legediak onartu dituztenak, hori giza-eskubideen kontrakoa bada ere.
Azken homofobia-erasorik bortitzena ekainaren 12an bizi izan genuen Orlandon. Erasotzaile bakarra izan bazen ere, gizarte-eredu oso baten arazoa da kasua, eraso homofoboak esparru guztietan bizi ditugu-eta. Izan ere, Orlandon ia 50 hildako izan ziren, baina nazioartean egunero bizi ditugu eraso homofoboak, gizarteko zenbait esparrutatik edota legedi kriminalizatzaileetatik datozenak.
Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBTI kolektiboarekiko aurreiritziak, fobiak eta gorrotoak desagerraraziko dituena, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota askatasun zibiletan. Horretarako, ezinbestekoa izango da ahalduntze politikak bultzatzea gizartean.
Politika instituzionalak pertsona lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen eskubide politiko, ideologiko eta zibil guztiak babesteko norabidean bideratu behar dira, oinarrizko askatasun-printzipioaren baitan.
Era berean, kolektibo horren aurkako eraso, jazarpen edota errepresioa gaitzetsi eta salatzeko jarrera izan behar dute erakundeek, eta eskura dauzkaten baliabide guztiak erabili behar dituzte horrelakoak ez errepikatzeko, protokolo bat landuz prebentzioa, arazoen detekzioa, asistentzia eta laguntza bermatzeko.
Pertsona askeek osatutako herri askea eraikitzeko bidean, Euskal Herriko herri eta hirietan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen du Orioko Udalak gaurko egunez.
Orion, 2016ko ekainaren 28an.