Antolatzaileek gogorarazten dute San Silvestre lasterketan parte hartzeko izena eman behar dela

Orioko Atletismo Taldeak antolatu du aurten abenduaren 31ko San Silvestre lasterketa eta parte hartu nahi duten herritarrei gogorarazten die aldez aurretik eman behar dutela izena parte hartzeko.

Ia ehun lagun daude izena emanda dagoeneko, baina, kontuan hartuta beste urteetan askoz jende gehiagok parte hartzen duela, Atletismo Taldeak beharrezko ikusi du gogoraraztea nola egin behar den izen-ematea aurten: Orioko San Silvestre lasterketan parte hartu nahi duten helduek herrikrosa.eus atariaren bidez eman behar dute izena, 8 euro ordainduta. Haurrek doan parte hartzeko aukera izango dute, eta egunean bertan eman beharko dute izena, lasterketa abiatu baino lehentxeago.

Adinaren araberako ibilbidea

Adinaren arabera, ibilbide desberdina egingo dute parte-hartzaileek. Goizeko 11:00etan, izango da lehen hitzordua, eta adinaren araberako taldeetan banatuta hartuko dute parte HH5etik DBH2ra arteko gaztetxoek:

  • 11:00etan, HH5etik beherako haurren proba, 150 metro
  • 11:10ean, LH1 eta LH2ko haurren proba, 300 metro
  • 11:20an LH3 eta LH4ko haurren proba, 600 metro
  • 11:30ean LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko haurren proba, 1.700 metroko buelta txikia

Helduen proba

12:00etan abiatuko da, ostera, helduen taldea, eta 5.000 metro inguruko ibilbidea egingo dute, guztira: 1.700 metroko buelta txikia + 3.300 metroko buelta handia. Azken urteetakoarekin alderatuta, hondartzako zatia laburragoa izango da aurten.

Esanda bezala, aurten herrikrosa.eus plataformaren bidez eman behar da izena, aurreneko aldiz, eta inskripzioak 8 euroko kostua izango du.

Sariei dagokienez, lehen hiru emakumeentzako eta gizonentzako garaikurrak izango dira, eta parte-hartzaileen artean sariak zozkatuko dituzte. Animatu!