Urriaren 24an, ostegunarekin, Nabarralde Fundazioak egindako ‘Arantzazu, harriz herri’ dokumentala proiektatuko da Orioko kultur etxean. Proiekzioa 19:00etan izango da eta bukaeran aukera izango da proiektua bultzatu dutenekin solas egiteko, bertan izango dira-eta.
Arantzazu, erreferente
50 urte bete dira aurten Jorge Oteizak Arantzazuko basilikan 14 apostoluak jarri zituela eta, hori dela eta, Nabarralde Fundazioak Arantzazuren inguruko dokumentala argitaratu du. Arantzazuko basilika Euskal Herriko artearen eta arkitekturaren erreferentzia garrantzizkoa da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Oñatiko Udalaren laguntzari esker egin da dokumentala. Basilikaren sorreran eta historian protagonismoa izan duten lagun asko elkarrizketatu dituzte: artearen munduko jendea, Arantzazuko santutegiko zaindari Juan Ignazio Larrea, Oteiza Fundazioa Museoko kontserbatzaile Elena Martin, Pello Zabala fraide frantziskotarra… Jesus Iriarte izan da errealizadorea, eta gidoia Miren Mindegiak idatzi du.