Proba 12:00etan hasiko da, urriaren 9an, larunbatarekin, Arrraunetxean, eta 24 ordu geroago bukatuko da leku berean.
Carlos Peña tolosar igerilariak munduko bi errekor ditu bere palmaresean; bakarrik egiten du igeri, irabazi asmorik gabe, eta datorren asteburuan zeharkaldi solidario eta puntakoa egingo du Orion, Gipuzkoan lan egiten duten 5.465 erizainen omenez, pandemian egiten ari diren lana gogora ekarriz. Carlos Peñak 24 orduz egingo du igerian etenik gabe, urriaren 9an, larunbatarekin, Orioko Arraunetxean 12:00etan hasita, eta puntu berean bukatuko du igandean 12:00etan. Igerilariak prentsaurrekoan adierazi duenez: «Pandemiak ustekabean harrapatu gaitu denok, eta gure gizartearen esparru guztiei eragin diela ikusi dugu; horrexegatik Gipuzkoako erizain guztiak omendu nahi ditugu. Zeharkaldi honekin gure errespetua, miresmena, maitasuna eta animoak eman nahi dizkiegu» esan du.
Orio herria eta Oria ibaia aukeratu ditu, bertan entrenatu ohi duelako normalean eta «asko gustatzen zaiolako». Erronka Orioko Udalarekin eta Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialarekin (COEGI) koordinatuta egingo da. Anuska Esnal Orioko alkateak azpimarratu duenez, «ezin genion ezetz esan Carlosi erizainei omenaldia egiteko proposamena egin zigunean», eta nabarmendu du udal talde guztiek babestu zutela ekimena hasiera-hasieratik. Asteburu honetan, gaineratu duenez, «Carlosi 24 orduko balentrian laguntzea besterik ez dago, hain luzea eta nekea izan den aldi honetan erizain guztiek egindako ahalegina eta sakrifizioa irudikatzera baitator. Zailtasunak zailtasun erakutsi duzuen ahalegin eta kemenagatik, Gipuzkoako erizainei guztiei: eskerrik asko, eta Carlos, animo asko», amaitu du.
COEGIren esker ona
COEGIko lehendakari Pilar Lekuonak jendaurrean erakutsi du Carlos Peñarenganako esker ona, erizainei egindako omenaldiagatik: erizainek «egunero erakusten dute profesionaltasuna eta konpromisoa, eta hori guztiz frogatuta geratu da, bereziki, egokitu zaigun pandemia urte luze honetan». Eskerrak eman dizkio Carlos Peñari: «eskerrik asko, Carlos, gutaz pentsatzeagatik zure erronka betetzeko; benetako ohorea da. Hori dela eta, Gipuzkoako erizainak animatu nahi ditut abentura horretan lagun eta babes zaitzaten, eta, zure kemena ezagututa, ziur nago arrakastaz amaituko duzula» esan du.
Erizainak kolektiborik kopurutsuena direla gogorarazi ondoren, Lekuonak azpimarratu duenez —COEGIren azken inkestaren arabera—, kalkulatzen da gipuzkoar erizainen % 21 kutsatu direla COVID-19arekin. Horregatik, COEGIko lehendakariak honakoa gogorarazi du: «Pandemiaren une honetan, herritarrek gure lana eskertzen diguten bezala, premiazkoa da administrazioak eta erakundeek erizainen beharra nabarmentzea, ez bakarrik Gipuzkoan, baita Euskadin ere. Aitorpen hori ez da ekintza eta diskurtso huts izan behar; eta honako alderdiak landu behar dira: probintzien artean konparazio bidegabeak ez onartzea, soldatak, lan kontratuen prekaritatea, eremu batean esklusiboki lan egin beharra —kontuan hartuta beste batzuetan profesional falta dagoela—, intrusismo profesionala, pertsonek behar dituzten zainketen profilerako ratio egokiak egotea eta erizaintzako konpetentzien errekonozimendua. Badakigu profesional prestatuak, trebeak eta autonomoak garela, eta arreta ematen diegun pertsonen aldeko sakrifizio espiritua dugula, baita osasuna galtzen badugu ere. Horregatik gai hauen kudeaketan lidergoa eskatzen dugu”, amaitu du.