Astelehenetik aurrera jarriko dira salgai turismo-bulegoan merkataritza suspertzeko erosketa-bonuak

Orioko Udalak martxan jarri berri du merkataritza suspertzeko kanpainaren bigarren txanda, eta astelehenean hasiko dira erosketa-bonuak saltzen, turismo-bulegoan (Pilliku plazan, Goiko kalean).

Ekainean bezala, herritar bakoitzak erosketa-bonu bat erosi ahal izango du, 40 euroan eta, ondoren, 60 euroko gastua egin ahal izango du ekimen honetara atxikitutako herriko establezimenduetan (ikusi zerrenda behean). Ez dago zertan dena denda bakar batean gastatu behar: aukera dago 15 euroko lau erosketa egiteko, toki berean ala lau toki desberdinetan.

Gehienez ere 1.000 bonu salduko ditu Udalak.

Kanpainaren lehen txandan ez bezala, oraingo honetan ez da mugatuko denda bakoitzak zenbat erosketa-bonu hartu ditzakeen. Beraz, bonua erosten duen herritarrak nahi duen dendan gastatu ahal izango du, betiere kanpainan parte hartzen dutenen artean.

Herriko establezimendu guztiek izan dute kanpainan parte hartzeko aukera eta 45ek erabaki dute ekimenarekin bat egitea. Erraz identifikatu ahal izango dira kanpainan parte hartzen duten dendak eta zerbitzuak, sarreran kanpainaren kartela izango dute-eta ikusgai (ikusi irudia behean).

Orion erroldatuta daudenentzat

Bonua erosteko, Orion erroldatua izan behar da, eta hori nortasun-agiria edo errolda-agiria erakutsiz frogatu beharko du erosleak. Ordainketa banku-txartelaren bidez egin daiteke bakarrik.

Segurtasun-neurriak

COVID-19a dela-eta, bonuak erosterakoan, prebentzio-neurriak zorrotz errespetatzeko deia egiten du Udalak: turismo-bulegoan erabiltzaile-talde bakarra sartu ahal izango da aldi bakoitzean, eta gainerakoek kanpoaldean, Pilliku plazan, itxoin beharko dute. Gel hidroalkoholikoa egongo da eskura eraikinera sartzerakoan eta, zer esanik ez, maskara jantzita eta distantziak zainduta ibili beharko da.

45 establezimendutan erosteko aukera

Udalak egindako proposamenari 45 establezimenduk esan diote baietz eta horietan gastatu daitezke erosketa-bonuak. Hauek dira establezimendu guztiak:

Bonuak.ZerrendaBI20

 kartelabonuakHIRU20