Orioko Nazioarteko Estropaden 17. edizioa izango da aurten; eta urteurren borobila ere ospatuko da, 50 urte betetzen baitira herrian lehenbiziko aldiz Nazioarteko Estropadak antolatu zirenetik (1968an izen zen hori). Horrek garbi erakusten du aulki mugikorrak ere tradizio luze eta oparoa duela Orion.
Aurtengo estropadetan bost arraun elkartetako arraunlariek parte hartuko dute, neska eta mutil, 19:00etan hasita.
Euskal Herriko bi arraun elkartek parte hartuko dute: Oriokoa eta Hondarribikoa; eta, horiekin batera, kanpoko beste hiru elkarte ere izango dira: Sevillako RC Labradores (Espainia), Caminha-ko SC Caminhense (Portugal) eta Grenobleko Aviron Grenoblois (Frantzia).
Elkarte bakoitzak bi talde ekarriko ditu: lauko bat, emakumeena; eta zortziko bat, gizonezkoena.
500 metro luzeko estropadak, txandaka
Estropada-eremuak bost kale izango ditu eta arraunlariek 500 metro luzeko estropadak jokatuko dituzte txandaka, emakumeen laukoa hasita. Guztira, 8 estropada jokatuko dira, hamar minutuko txandatan. Estropada guztiak jokatu ondoren, puntu gehien dituena izango da irabazlea modalitate bakoitzean.
Herria apaintzeko eta horiz janzteko deia
Nazioarteko Estropaden aurtengo edizioaren aurkezpenean izan dira Ibon Huegun Orioko Arraun Elkartearen presidentea, Jon Salsamendi entrenatzailea eta Jose Angel Zaldua alkatea.
Kontuan hartuta aurten 50 urte betetzen direla estropada hauek aurreneko aldiz antolatu zirela, Arraun Elkarteak eta Udalak dei berezia egin diete oriotarrei, herria horiz apaintzeko eta egun horretan kalera horiz jantzita ateratzeko, garai hartako giro beroa gogora ekartzeko eta herriko arraunlariak animatzeko.