AUTOAN ELKARREKIN izeneko ekimena indartu nahi du Urola Kostako Udal Elkarteak

Datorren asteartean, irailak 22, autorik gabeko eguna ospatuko da eta, hori dela eta, Udal Elkarteak dei egin die eskualdeko herritarrei autoa konpartitzeko programa horrekin bat egiteko.

2007an AUTOAN ELKARREKIN ekimena jarri zuten martxan Urola Kostako Udal Elkarteak eta Udal Elkarteko udalek.

Ekimen hori internet bidez jendea harremanetan jarri eta AUTOA PARTEKATZEKO ZERBITZUA da.

Ondoko lerroetan ekimenaren balorazioa egin eta zerbitzu horren erabilpena indartu nahi du Udal Elkarteak.

Urola Kostako datuak (2008)

? Erregistratutako erabiltzaileak: 454

? Joan-etorriak elkarrekin egin dituzten pertsonak (zerbitzua erabiliz): 95

? Egunero bidera atera ez diren autoak: 90

? Atmosferara isuri gabeko CO2 tonak: 246,77

? Erabiltzaile bakoitzak urtean lortutako aurrezkia: 3.003,94 euro

? Guztirako erregai aurrezkia: 92.845,11 euro

*Datu horiek zerbitzua kudeatzen duen ?Compartir S.L.? enpresaren 2008ko memoriatik aterata daude.

Balorazioa

Jakin badakigu eskualdean herritar asko direla zerbitzu hori erabili gabe autoa partekatzen dutenak (ezagunekin, bizilagunekin, senideekin) lanera, unibertsitatera edo bestelako lekuetara joateko.

Balorazioa positiboa da, parte hartzen duen pertsona bakoitzeko emaitza oso handia delako: CO2 isuria murriztu, gastuak partekatu, erregaia aurreztu, errepideetako auto kopurua murriztu (segurtasunaren mesedetan…).

Irailak 22: autorik gabeko eguna

Sarritan zaila da lantokira edo unibertsitatera garraio publikoan joatea. Horrela baldin bada, autoa partekatzea izan liteke biderik onena, ahalik eta gutxien kutsatu eta portaera iraunkor bat izateko.

Beraz, irailaren 22a autorik gabeko eguna denez, egin ahalegina eta bilatu autoa elkarrekin partekatzeko norbait. Probatu!

Zerbitzua nola erabili

Lehendabizi internet sartu, helbide honetan: http://urolakosta.compartir.org/

Udaleko web-orrian ere baduzu esteka (begiratu goiko LINKAK izeneko atalean).

Gero, hautatu zein joan-etorri egiteko autoa partekatu nahi duzun:

? Lanera joateko

? Unibertsitatera joateko

? Beste leku batera joateko (bidaiak…)

Ondoren, sartu partekatu nahi duzun joan-etorriaren datuak (nondik nora) eta joan-etorri bera egin nahi duten erabiltzaileak agertuko zaizkizu. Ondoren, (ordutegia eta abar) interesatzen zaizunarekin harremanetan jarri ahal izango zara posta elektronikoz.