Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza ematen jarraitzen dugu Urola Kostako Udal Elkartetik. Hurrengo ostiralean, azaroaren 30ean, amaituko da iaz abian jarritako ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN proiektuaren bigarren deialdian izena emateko epea.
Enpresa Euskaraz Handitzen
Gure eskualdeko enpresa txikiak euskaraz handitu nahi ditugu. Honela, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikietan euskararen erabilera sustatu nahi dugu, euskararen erabilera handituz, enpresa bera ere handituko baita.
Izan ere, euskararen normalizazioa bizitzaren esparru guztietara zabaltzea guztion zeregina eta ardura da, eta Urola Kostako Udal Elkarteak baditu baliabideak herritarren esku. Aurkezpen bideoan agertu nahi izan dugun eran, keinu txikiak izanagatik ere, aldaketa handia daiteke.
Urola Kostako Udal Elkarteak iaz ekin zion ekimenari. Lehendabiziko deialdian bailarako 12 enpresek hartu zuten parte; batez ere, osasun arloan diharduten hainbat enpresek. Euskarak enpresan duen presentzia indartu eta aldi berean, euskararekin enpresa handitzea helburu, ekimenak enpresa bakoitzaren errealitatera egokituko lana burutzea ahalbidetu du. Zenbait enpresentzat euskara-plan osoak diseinatu diren bitartean, beste kasu batzuetan itzulpenak egin, webguneak egokitu edota euskaratu, eta eguneroko lanerako ezinbestekoak diren dokumentu-ereduak landu dira. Egindako lana anitza bezain oparoa izan da.
Bigarren deialdiaren nondik norakoak
Programa honetan parte har dezakete Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiek (10 langile artekoek), sektorea eta jarduera edozein izanik ere. Bigarren deialdi honetan, hala ere, deialdi berezia egiten zaie hiru arlo hauetako enpresei: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak.
Modu honetan, 10 langiletik behera dituzten enpresak hartu ditugu oinarri eta zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzeko beharrezkoak dituzten tresna eta erremintak eskainiko dizkiegu:
- bezeroekiko harremanetarako oinarrizko euskarri eta dokumentuak euskaraz jartzeko laguntza, oinarrizko zerbitzuak euskaraz egoki eskaintzeko
- lana euskaraz egiteko urratsak emateko laguntza eta aholkularitza…
Informazioa eta izen-ematea
Parte hartu nahi duten enpresek izena eman behar dute, Udal Elkartearen webgunean dagoen formulario erraz bat betez edo helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz:
Azaroaren 30ean amaituko da izen-emateko epea.
Guztiok egiten dugu Urola Kosta euskaldun, eta segi dezagun horretan. Zabaldu ditzagun euskararen ateak, gure hizkuntza eta gure enpresak handituz.