Maiatzaren 14an ospatuko den Balearen egunean herri antzerkia egingo da plazan, orain dela bost urte bezala. Antzerkian parte hartu nahi dutenek bilera dute datorren astelehenean, otsailak 20.
Bilera kultur etxean egingo da, arratsaldeko sei eta erdietan hasita. Lehenbizi, 2001ean egindako festaren bideoa eskainiko da, ordukoa gogorarazteko, eta, ondoren, taldea lanean hasiko da, Patxi Santamaria zarauztarraren eta Inazio Tolosa zumaiarraren zuzendaritzapean.
Dagoeneko izena eman dute oriotar batzuek, antzerkian parte hartzeko; baina oraindik falta da jendea, antzerkiko pertsonaia guztiak osatzeko. Udalak dei egiten die, bereziki, 2001ean parte hartu zutenei eta iazko antzerki tailerrean ibili zirenei, bilerara azaldu eta ikuskizunaren antolaketan laguntzeko.
Norbaitek herri antzerkiaren gidoia ikusi nahi badu, hemen dauka ikusgai, PDF formatuan. Oraingoz sarean zintzilikatu dugun gidoia 2001ekoa da. Aurtengoa berdintsua izango da funtsean, baina aldaketatxo batzuk ere izango ditu (prest dagoenean hura ere jarriko dugu web orrian).