Uztailaren 24an, asteazkenarekin, egingo dira Benta bidea asfaltatzeko lanak eta, ondorioz, bertakoentzat ere erabat itxita izango da bidea 08:30etik 14:30era, gutxienez.
Bidearen zati batzuetan, batez ere goi aldean (Etxaiz baserritik gora), osorik asfaltatuko da bidea eta, beraz, ezinezkoa izango da pasatzea. Bidearen beheko aldean ere konponketa-lan batzuk egin behar dira; baina arinagoak dira.
Inguruko baserrietako bizilagunek ere zailtasun handiak izango dituzte egun horretan bidea erabiltzeko eta, ahal bada, autorik ez erabiltzeko gomendioa egiten die Udalak. Gainontzeko herritarrek guztiz galarazita izango dute pasaera, orain arte bezala.
Gauzak ondo bidean, arratsalderako bukatuko dira asfaltatze-lanak eta, orduan, berriro irekita geratuko da bidea guztiontzat. Bidean egin beharreko lanak erabat bukatzeko, segurtasun-hesiak jartzea geratuko da, baina hori aurrerago egingo dute, bidea berriz moztu beharrik gabe.