Bi mozio onartu zituen udalbatzarrak urtarrilaren 25ean

Orioko udalbatzarrak, 2011ko urtarrilaren 25ean egindako bilkuran, bi mozio onartu zituen: bata gaztetxeari buruzkoa eta bestea kirol portuko langileen kaleratzeari buruzkoa.

Hauek dira onartutako bi mozioen testuak, hitzez hitz:

GAZTETXEAREN ALDEKO ALDARRIKAPENA

2010ko Urtarrilean Orioko Udalak bat egin zuen herriko gazteen aldarrikapenarekin, herrian gaztetxe bat sortzeko eta, Udalbatzarrean elkartuta, bide horretan aurrerapausoak emateko konpromisoa hartu zuen.

Urtarriletik hona hainbat gauza gertatu dira. Besteak beste, ekainean Orioko gazteak Etxeluzen sartu ziren eta, geroztik, bertan segitzen dute, etxe hura nolabait ere gaztetxe bihurtuta. Etxe hark jabea du, baina jabeak egoera horren aurrean ez du kontrako jarrerarik erakutsi eta prest dago negoziatzeko, auziari aterabide egokia emateko.
Orioko Udalak, bere aldetik, Etxeluze izeneko antzinako etxe hori, bere kokapenagatik eta dituen ezaugarriengatik, egoki ikusten du erabilera horretarako: herriko gazteek erabiltzeko.

Hortaz, Orioko Udalak, bat egiten du gazteek egindako hautuarekin, eta onartu egiten du gaztetxea Etxeluzen kokatzeko eman behar diren urratsak ematea, etxearen jabearekin negoziatzen hastearekin batera.

Gauzak horrela, Orioko Udalak honako urrats hauek ematea erabakitzen du:

1.- Etxeluzek dirutan duen balioa zehaztea, Udalaren ohiko prozeduraz: tasazio egokia eginez.

2.- Balorazio horren jakitun, Udala harremanetan jarriko da etxearen jabearekin, etxea eskuratzeko helburuarekin.

3.- Etxea ordenazioz kanpo dagoenez, ordenazio barruan sartzeko beharrezko diren urratsak emango ditu.

4.- Udalbatzarrak erabaki hauek onartu ondoren, hilabeteko epean abiatua beharko du prozesua, aurreko puntuetan aipatutako urratsak eman daitezen.

5.- Udalak, urrats horiek garaiz eta behar bezala eman daitezen, bide hori urratzeko ardura izango duten ordezkariak izendatuko ditu: halako eta halako.

6.- Udalaren erabaki honen berri herritarrei emango zaie, hedabideen bitartez eta etxera banatuko den idatzi baten bidez.

KIROL PORTUKO LANGILEEN KANPORATZEARI BURUZKO MOZIOA

Orioko kirol portuko langileen egoera salatu nahi dugu eta horretarako gertatukoaren berri adierazi nahi dizuet.

Langile hauek azkeneko 3 urteetan kirol portuko zaintza egiten egon dira, 3 urte hauetan beraien baldintzak langileen estatutuak jartzen dituenak izan dira. Ez zuten kobratzen ez gaueko plusik, ez jai egunak, bakarrik soldata jasotzen zuten eta beraien urteko jardunaldia 1840 ordu ingurukoa izan da.

2OlOeko urtarrilean hitzarmen berri bat sortu da: Gipuzkoako Titulartasun Publikoko Kirol lnstalazioen hitzarmen kolektiboa. Hitzarmen hau “Asociaci