Uztailaren 14aren eta 17aren artean Orioko plaza jatetxe bihurtuko du Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoak
- Bigarren urtez, gainera, Bisiguaren Laguna oroigarria banatuko du Udalak: Katxiña eta Xixarioko emakumeek eta Ritxar Oribe igerilariak jasoko dute.
- Otorduetan parte hartzeko txartelak salgai daude, 55 euroan.
- Jaialdiak irauten duen bitartean Gastronomia eskaintza zabala izango da Orion.
Orioko Udalak uztailaren 14tik 17ra egingo den Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoaren bederatzigarren edizioa aurkeztu du gaur goizean Donostian. Agerraldian parte hartu dute Jose Angel Zaldua Orioko alkateak, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta bisiguak erretzeaz arduratuko diren Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola parrillero oriotarrak.
Bisiguaren Festaren bederatzigarren edizioak, aurten ere, jaialdi gastronomikoaren gune nagusi bihurtuko du Orioko plaza, eta bisigua dastatu ahal izateaz gain, programazio osagarri zabala izango da lau egunetan. Jaialdiari hasiera emateko, aurkezpen-ekitaldia egingo da hurrengo ostegunean, uztailaren 14an, arratsaldeko 20.00etan. Jose Angel Zaldua, Orioko alkateak, eta Zendoia, Uranga eta Manterola parrileroek ofizialki zabalduko dute jatetxea, otordu bakoitzean 200 mahaikidetik gora bilduko dituen esparrua. Guztira bost otordu egingo dira bertan.
Bisiguaren Festa Orioko Udalak herriko eragileekin antolatzen duen jaialdi gastronomikoa da: herriko tabernariak, merkatariak, Harribil dantza taldea, Egunseti Otxotea, Arrantzaleen Kofradia, Txurrumuski Aisialdi Elkartea, Zaharren Babeslekua eta abar. “Herri osoak festa gertutik sentituz, partaide izatea bilatzen dugu Udaletik”, azaldu du Orioko alkateak.
Jose Angel Zalduak jaialdi gastronomikoaren helburuak zehaztu ditu jarraian. “Bisiguaren Festaren helburua herriko arrantzaleak omendu eta egiten duten lana aitortzea da, eta aldi berean, Orioko gastronomia eta herria sustatu nahi ditugu”.
Bisiguaren tenplua
Lau egunez jaialdi gastronomikoak Orioko herria bisiguaren tenplu bihurtuko du, ‘Bisigua Orio Estilora’ lelopean. “Orio Estilora marka berreskuratu nahi dugu. Herri guztiek berezko ezaugarriak dituztela sinetsita gaude; herri bakoitzak bere izaera propioa duelako. Horrek ez du esan nahi herri bat bestea baino hobea denik, herrien artean lehia dagoenik, ezberdina direla baino ez. Aniztasun horrek aberasten du gure lurraldea. Gure herriak, esaterako, itsasoarekin lotura estua du, herri arrantzalea gara, eta horrek kultura ulertzeko gure modua sortzen du; arrauna bizitzeko era berezi bat dugu, eta abar. Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa estilo propio horren erakusleihoa baino ez da”, adierazi du.
Bisigua Orio Estilora Festak herria “parrila handi” bat bihurtuko du, eta herriko plaza jatetxe dotore. Bost otordutan (ostegun eta ostiralean afaria, larunbatean bazkaria eta afaria, eta azken bazkaria igandean), 1.000 lagunek bisigua dastatzeko aukera izango dute. Antolatzaileek jarritako zortzi metro luzeko parrila erraldoiak herriko espezialista onenen parrilen sugarrak ikusteko aukera eskainiko du. Sukaldea kalera aterata, lehen mailako 500 bisigu basati erreko dituzte “parriletako Oteizek”.
Horrela aurkeztu ditu Jose Angel Zaldua alkateak Joxe Miel Zendoia (Katxiña erretegia), Luis Mari Uranga (Xixario erretegia) eta Mikel Manterola (Joxe Mari erretegia). “Jorge Oteiza erreferente handi bat da gure herrian. Oriok inoiz eman duen eskultorerik handiena da. Gure herrian egin zen artista, eta Joxe Miel, Luis Mari eta Mikel ere artista handiak egin dira gure herrian, parriletako artistak. Beren familiako tradizioari eta izaerari eutsiz, Euskal Herriko txoko askotara eraman den Orio Estilora bisiguaren txingarrak bizirik irauten du horiei esker oraindik ere”.
Ordurako, hiru parrilleroek hiru bisigu erreak zituzten, “besugerarik gabe, Orio estiloan. Gure bereizgarria da bisiguak zabaldu eta parrilan erretzen ditugula. Ukitu berezia parrilak bere lana egin ondoren datorrena da, bisigua bedeinkatzen duen errefritoa”, azaldu du Joxe Miel Zendoia Katxiña erretegiko parrilleroak.
Bisiguarekin batera, beste plater hauek osatzen dute Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoaren menua:
- Munduate piperrak (Ibarrako piperrak)
- Jabugo urdaiazpikoa
- Tomate entsalada hegaluzearekin
- Sartagudako zainzuriak
- Bisigua parrilan
- Postrea
- Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.
Txartelak salgai
Txartelak dagoeneko salgai daude Orioko Turismo Bulegoan. 1.000 txartel jarri dira salgai, 55 euroan. Txartelen erreserba 943 83 55 65 telefono zenbakian egin behar da, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte – igande arratsaldean bulegoa itxita egongo da –.
Bisiguaren Lagunak
Aurreko edizioan hasitako ekimenarekin jarraituz, aurten ere, Bisiguaren Laguna oroigarriak banatuko dira inaugurazio ekitaldian, uztailaren 14an. Oroigarria jasoko dutenak hauek dira: Xixario eta Katxiña erretegietako emakumeak, Lucia Garcia, Pilar Etxezarreta eta Mari Carmen Atxega, eta baita Richard Oribe igerilari donostiarra ere.
Lourdes Salsamendi Kultura eta Turismo Batzordeko presidenteak omenduen merituak zerrendatu ditu. Xixario eta Katxiñako emakumeekin hasi da: “Xixariok 50 urte bete berri ditu apirilean, ibilbide oso oparoa eginez. Bertan urte askotan itzalean lan egiten aritu den eta ari den Lucia Garcia arrakasta horren parte da, zalantzarik gabe, eta aitorpena merezi du. Ildo berean, Katxiña erretegia bere 37. urteurrenean murgilduta dago eta horien ibilbidea ere txalotzekoa da. Bertan aritzen diren Pilar Etxezarretak eta Mari Carmen Atxegak omenduak izateko meritu nahikoa egin dute, hasieratik bertan egon baitira gau eta egun, lanean. Ezkutuan lanean aritu diren emakumeei esker erretegi horiek iritsi dira gaur egun direna izatera”, azaldu du.
Igerilari donostiarra goratu du jarraian: “Richard Oriberen kirol ibilbidearen inguruan orain arte esandakoaz gain, ezer gutxi esan daiteke, ikaragarria delako. Kirol munduaz haratago helaraztea lortu duena nabarmendu nahi dugu. Inspirazio iturri da guztientzat, eredua, energia positiboa helarazten duen pertsona. Berarentzat ez dakit, baina guretzat ohorea da Bisiguaren Laguna oroigarria ematea”.
Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren babesa
Bisigua Orio Estilora jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren babesa du. Horren adierazgarri, prentsaurrekoan izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea eta Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria.
Leandro Azkuek arrantza sektorea sustatzeko Bisiguaren Festa bezalakoak oso baliagarriak direla nabarmendu du, eta hain zuzen, halakoak babestea ezinbestekoa dela sektoreak aurrera egin dezan. “Arrantzaren sektorea, gure itsasoko gizon eta emakumeak eta kostaldeko guneak balioan jartzen dituzten ekimenek gure babesa izango dute”. Beste mezu bat helarazi nahi izan du Azkuek; kasu honetan, gizarteari zuzendu zaio. “Eguneroko hautuan bertako produktuen alde egiteko gonbita egin nahi diogu gure gizarteari. Bertako produktuen alde egitea gure sektorearen alde egitea baita”, adierazi du.
Eneko Goia, bestalde, Gipuzkoako herriek indarrak batzeak duen garrantziaz mintzatu da. “Gipuzkoa osoa elkarlanean jartzea garrantzitsua da, eta guretzako zuen arrakasta gure arrakasta da”, adierazi du.
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Jose Angel Zaldua alkateak gonbita zabala egin du Bisiguaren Festak irauten duen bitartean herria bisitatzeko, bisigua dastatzeko eta antolatu duten programazio osagarriarekin gozatzeko.
PROGRAMA
Uztailak 14, osteguna
20:00 Aurkezpen ekitaldia
- Egunsenti otxoteak, Pello eta Nikolasak eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute.
- Pintxo txikiteoaren inaugurazioa
- Parrilleroek plaza inauguratuko dute.
20:00 Saizar sagardoaren dastatzea plazan.
21:00 Afariak.
Uztailak 15, ostirala
12:00 Udaleku irekietako haurren marrazkiekin erakusketa.
20:00 Saizar sagardoaren eta eta Ataungo talogileak plazan.
21:00 Afariak.
Uztailak 16, larunbata
11:00 Saizar sagardoaren eta taloen dastatzea plazan.
12:00 Bisigu lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean herriko plazan.
12:00 Hegaluzea parrilan Eusko Labelen laguntzarekin –razioak salgai, 2 €–.
13:00 KAE ligako 9. Estropada Oria Ibaian.
14:00 Bazkariak
20:00 Saizar sagardoaren eta Ataungo talogileak plazan.
21:00 Afariak.
Uztailak 17, igandea
12:00 Saizar sagardoaren dastatzea plazan.
12:00 Marmitakoa Herriko plazan –razioak salgai 2 €–.
14:00 Bazkariak.