Bisiguaren Festa arrakastatsua izan da aurten ere

Orioko Udalak oso balorazio ona egin du aurtengo Bisiguaren Festari buruz. Kultura eta Turismo batzordeburu Lurdes Salsamendik festa ‘oso ondo’ joan dela adierazi du: ‘Bost otorduetako tiket guztiak saldu dira eta jendeak gustura parte hartu du festan. Giro aparta izan da lau egunetan herrian eta oso pozik gaude herritarrek zein kanpotarrek festa honi egiten dioten harrera onarekin’.

Lurdesek eskerrak eman nahi izan dizkie lanean ibili diren guztiei: ‘Bisiguaren Festa antolatzeko, jende askok egiten du lan, bakoitzak bere  esparruan, eta guztiei eman nahi dizkiet eskerrak. Aurten, gainera, legealdiaren aldaketarekin, berezia izan da eta pozgarria da niretzat ikustea nola ibili garen elkarlanean lehengo zinegotziak eta oraingoak, alderdi guztietakoak, festa elkarrekin antolatzen. Ederra da hori.’

Lurdesek aipamena egin nahi dio, baita ere, Egunsenti otxoteak egiten duen lanari: ‘Oso giro ona jarri zuten osteguneko inaugurazioan eta ondoko afarian. Aztertu behar dugu gainerako otorduetan ere nola uztartu musika eta kantua gastronomiarekin’.

Bisiguaren Festan jende asko ibili da herrian eta hori oso nabarmena izan da, batez ere, estropadak izan diren egunetan, larunbatean eta igandean. Atun erreko pintxoek eta marmitako razioek ere oso harrera ona izan dute. Turismo teknikariak esan du inoiz baino tiket gehiago saldu direla marmitakorako.

Paxita Peña eta Vicente Zaragueta omendu ditu Udalak

Bisigu Festaren inaugurazio-ekitaldian Paxita Peña oriotarra omendu du Udalak, bizitza osoan parrilla aurrean egindako lanagatik. Ekitaldian Errikotxia elkarteak prestatutako bertso hau jasotzen duen agiria eman zioten Paxitari:

Izango ahal da oroigarri hau
sentimentuen iturri
ta ez bakarrik hiru esaldi
idatzi eta irakurri.
Oriotarren adibidea,
Paxita, zaitugu neurri.
Esker on denak zuretzat, baina
hala ere gabiltz urri.

Ekitaldi berean Vicente Zaragueta Bisiguaren Lagun izendatu zuten. Vicente Zaraguetak oso harreman estua izan du beti Oriorekin eta Udalak, izendapen horren bidez, eskerrak eman nahi izan dizkio herriaren izena eta izana kanpoan zabaltzen egindako lanagatik.

 

ARGAZKIA: Bisiguaren Festaren inaugurazioa. Paxita Peñaren eta Vicente Zaraguetaren omenaldia. KARKARAk utzitako argazkia.