Bisiguaren festarako txartelak salgai jarriko dira oriotarrentzat ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean

Bisiguaren Festaren zortzigarren edizioa egingo da aurten, uztailaren 16an hasi eta 19an amaituta. Aurreko urteetan bezala, aurten ere herriko plaza jaialdi gastronomikoaren gune nagusi bilakatuko da. Bertan egingo dira festaren oinarri diren bost otorduak.

Urtero bezala, Orioko Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu Bisiguaren Festan parte hartzera, bai otorduetan eta bai bestelako ekitaldietan. Otorduetarako erreserbak egiteko epea ekainaren 26an zabalduko da. Astebeteko epean, uztailaren 3ra arte, oriotarrek bakarrik izango duzue txartelak erosteko aukera.

Erreserbak 943 83 55 65 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Telefono hori turismo bulegokoa da eta kontuan izan behar da igande arratsaldean bulegoa itxita egoten dela.

Otordua 50 eurotan

Orioko plazako jatetxe dotorean bisigua prezio erakargarrian dastatzeko aukera izango da. Txartelen prezioa 50 €koa da, eta menua honako hau izango da:

  • Antxoak gatzetan
  • Tomate entsalada hegaluzearekin
  • Zainzuriak
  • Bisigua parrillan
  • Postrea

Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.

Bisigua erretzen, orain arteko edizioetan bezala, Joxe Miel Zendoia (Katxina), Luis Mari Uranga (Xixario) eta Mikel Manterola (Joxe Mari) izango dira. Orioko Udalaren izenean, eskerrik asko hiruroi!

Animatu zaitezte eta gozatu!