Bixiguaren eguna antolatu dute Udalak eta Arkupe elkarteak ekainaren 21ean

Datorren ekainaren 21ean, larunbatarekin, Bixiguaren eguna izango da Orion. Goizetik hasiko da festa eta arratsaldez egingo da bisigu errearen lehiaketa herriko soziedadeen artean.

Aurreneko aldia da Bixigu eguna larunbatarekin antolatzen dela, orain arte beti igandean egin izan baita.

Goizeko programa

10:00

Festari goizean emango zaio hasiera haurrentzako pintura lehiaketa batekin. Pintura lehiaketa Udalak antolatu du Lezkari arte elkartearekin elkar lanean. Parte hartzeko interesa duten haurrek aldez aurretik eman behar dute izena kultur etxean.

Pintura lehiaketa goizeko hamarretan hasiko da; haurrek herriko plazara jo behar dute eta han jasoko dituzte pintura materialak. Gero, ordu biak arteko epea izango dute beren lana egiteko.

Pintura lanetarako gaia hau izango da: bisigua edo arrantza, orokorrean.

Sariak izango dira lanik onenentzat eta, gainera, aurten lehen saria irabazten duen lana datorren urtean erabiliko da Bixigu egunaren kartelean.

12:00

Azoka: Euskal Herriko produktuak eta artisautza

Azoka zabalik izango da 14:30ak arte.

Arratsaldeko programa

18:00

Azoka zabalduko da berriz, iluntzera arte.

18:30

Bisigu lehiaketa, Orioko Elkarte gastronomikoen artean.

Lehiaketaren ondoren, sardina erreak banatuko dira plazan, txakolinarekin eta sagardoarekin.

Arratsaldez, bestalde, kale animazioko ikuskizunen bat izango da herriko kaleetan, nahiz eta oraindik zehaztu gabe dagoen.

Festaren antolatzaileak Udala eta Arkupe elkartea dira, eta babesleak, berriz, honako hauek: Kofradia, Satxota sagardotegia, Zudugarai txakolina, Atxega ardoak eta Primo txakolina.