Proiekzioa 22:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da. Proiekzioa aurkezteko, Juan Antonio Urbeltz izango da bertan.
100 gonbita eskura
Sarrera doan bada ere, gonbita hartu behar da aldez aurretik, aretoaren aforoa mugatua delako. Udalak 100 gonbita prestatu ditu eta dagoeneko eskuratu daitezke kultur etxean bertan. Emanaldira joan nahi dutenek, hortaz, hobe dute garaiz hartu beren gonbita, gabe ez geratzeko.
Bizitzaren zikloa, dantzaren bidez azaldua
Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat da filma, bizirik irauteko borrokarena. Eta dantza eta musika dira hori kontatzeko Telmo Esnal zuzendariak hautatutako hizkuntza.
“Dantza” filma joan den urtean estreinatu zen, Donostiako Zinemaldian, eta arrakasta handia lortu du Euskal Herriko aretoetan. Oso produktu zaindua da, musikari, koreografiari eta jantziei dagokienez. 200 dantzarik baino gehiagok hartu du parte eta grabaketak gure inguruko toki askotan egin dira: Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian, Arantzazun, Hendaian, Aragoiko Beltxiten, Leitzan, Zerainen, Bardeetan eta Zarautzen.
Dantzarako musika tradizionala hartzen du oinarri Juan Antonio Urbeltzek, bere koreografiak lantzeko. Musika Pascal Gaignek egin du eta jantzien diseinua, berriz, Koldobika Jauregi eskulturagilearen ardura izan da.
Fitxa teknikoa
Gidoia eta zuzendaritza: Telmo Esnal
Produkzio diseinatzailea:Koldobika Jauregi
Koreografoa: Juan Antonio Urbeltz
Ekoizlea: Marian Fernandez Pascal
Argazki zuzendaria: Javier Agirre Erauso
Muntaia: Laurent Dufreche
Musika: Pascal Gaigne, Mikel Urbetz eta Marian Arregi
Soinua: Alazne Ameztoy eta Xanti Salvador
Jantziak: Arantxa Ezquerro
Makillajea: Lola Lopez
Ile-apainketa: Itziar Arrieta
Dantzari-protagonistak: Ainara Ranera, Gari Otamendi, Amaia Irigoien, Joseba Astarbe, Josu Garate.
Dantza-taldeak: Argia, Arkaitz, Duguna, Astigar, Gure-Kai, Elai Alai, Urki, Haritz, Kezka, Maritzuli, Aurtzaka, Iratzarri, Goizaldi, Indarra, Orbeldi eta Erketz besteak beste.