Datorren ostiralean izango da azken eguna euskaltegian izena emateko

Datorren ostiralean, irailak 24, izango da azken eguna Orioko AEK euskaltegian izena emateko. Egun hauetan ari da jendea izena ematen eta dagoeneko aurreikusi daiteke taldeak izango direla goizez eta arratsaldez.

Hiru bide daude euskaltegian izena emateko:

  • Euskaltegira bertara jotzea, Bikamiotako errotondaren ondoan (KTA eraikina).
    • Astelehen eta asteazkenetan, 17:00-20:00.
    • Astearte eta ostegunetan, 8:30-13:30.
  • Posta elektronikoz, orio@aek.eus helbidera idatzita.
  • Telefonoz deituta, 670 420 025 zenbakira (Amaia Olazabal).

Autoikaskuntza

Euskaltegian aukera izango da talde presentzialetan izena emateko, maila guztietan, baina, baita ere, autoikaskuntzaz baliatzeko.

Autoikaskuntzan lana bakarka egiten du ikasleak, tutore batek gidatuta, etxean edo euskaltegian bertan (astean 4 orduz, gutxienez). Ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko.

Autoikaskuntzak ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.

Bestelako eskaintzak

Autoikaskuntzaz gain, euskaltegiak eskaintza zabala izango du:

  • 0 mailako ikastaroak
  • Euskalduntzeko maila guztiak
  • Azterketak prestatzeko ikastaroak (B1, B2, C1 EGA)
  • Alfabetatze ikastaroak

Mintzalagun taldeak

Talde presentzialetan astean 8 ordu ematen dira, bina ordu astelehenetik ostegunera.

Izena ematen duen jendearen arabera antolatuko dira taldeak, beharrezko osasun- eta segurtasun-neurri guztiak beteta.

100 euroko matrikula

Orioko Udalaren nahia da oriotarrek moduz ikasi ahal izatea euskara eta, beraz, ikastaroen prezioa oso merkea da Orion erroldatuta daudenentzat: 100 euro, edozein ikastaro.

Udalarekin zorrak dituzten herritarrek ezin izango dituzte ikastaroak prezio horretan egin, eta matrikularen kostu osoa ordaindu beharko dute.