Diru-laguntzak emango dizkie Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresei, langabeak kontratatzeko

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdi bat egin du, eskualdeko enpresentzat, eskualdeko langabeak kontratatzeko. 105.000,00 euro emango dira diru-laguntzatan. Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 24an amaituko da.

Azken hiru-lau urteetan langabezia tasak behera egin du gure eskualdean, nahiz eta oraindik ere, krisialdiaren aurreko urteetako tasetatik urrun ibili. Hala ere, gizatalde batzuk beste batzuk baino zailtasun handiagoak dituzte lana lortzeko (emakumeek edo 45 urtetik gorakoek…). Horrekin batera, krisialdiak eragin nabarmena izan du enpresen lehiakortasunean eta urte zailak igarotzen ari dira enpresa asko eta asko, merkatuaren eskakizunetara moldatzeko eta berritzeko ahaleginean.

Deialdi honen helburua, beraz, bikoitza da: alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzen; eta, beste alde bestetik, enplegurako politika aktiboak indartu eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten gizataldeetako pertsonak kontratatzea saritzea. Hori lortzeko, hain zuzen ere, bideratu da eskualdeko enpresentzako diru-laguntza deialdi hau, langabeak kontrata ditzaten.

Diru-laguntzen deialdi hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak finantzatuko dute. Diru-laguntza hauetarako 105.000,00 euroko aurrekontu publikoa erabiliko da, horietatik 75.992,51 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuko ditu eta gainerako 29.007,49 euro Urola Kostako Udal Elkarteak.

Deialdi hau kokatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen barruan (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza deialdia, enplegua sustatzeko toki ekintzetarako: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27ko ebazpena, EHAA 2017-07-28).

Diru-laguntzak

Deialdi honen helburua da laguntza ekonomikoak ematea eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaiako) enpresa txiki eta ertainei, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsona langabeak kontratatzeko.

Eskabideen balorazioan bereziki baloratuko dira emakumeak edo eta 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzen dituzten enpresen eskabideak.

Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren kontratazioak hasiko dira 2017ko irailaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean eta diruz lagundutako epea amaituko da, beranduenez 2018ko ekainaren 30ean. Adibide gisa, diruz lagundutako epealdia 6 hilabetekoa baldin bada, 6 hilabete horiek aipatutako epealdiaren barruan egon behar dute, hau da 2017ko irailaren 1etik 2018ko ekainaren 30era doan epealdiaren barruan.

Diru-laguntza eskatu ahal izango da deialdi hau argitaratzeko unean dagoeneko formalizatuta dauden kontratuentzat (betiere 2017-09-01etik aurrera egin bada) edo oraindik egin gabe dauden kontratuentzat.

Kontratuen iraupena eta lanaldia

Diruz lagunduko diren kontratuak izango dira gutxienez 3 edo 6 hilabetekoak, lanaldi osokoak edo eta gutxienez %50eko lanaldia dutenak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa

Diru-laguntzen zenbatekoa 1.500,00 eta 9.000,00 euro bitartekoa izango da, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien eta kontratuaren iraupen eta lanaldiaren arabera.

Kontratatutako pertsonak

Diru-laguntza eskuratzeko, kontratatutako pertsonak hainbat baldintza bete behar ditu (ikus oinarriak), besteak beste:

  • Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egongo da enplegu eskatzaile gisa, langabezia egoeran.
  • Bere lana egingo du (edo atxikita egongo dira) eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) kokatutako lantokietan.
  • Eskabideen balorazioan lehentasuna izango dute eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) erroldatutako pertsonak kontratatzen dituzten eskabideek.

Eskabideak

Eskabideak aurkeztu behar dira Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz). Eskabideak egiteko epea hasiko da oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean eta amaituko da 2017ko azaroaren 24an. Deialdia eta oinarriak laster argitaratuko dira GAOn.

Bete behar diren baldintzak

Bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan daude zehaztuta.

Oinarriak eta eskabideak egiteko ereduak eskura daude Udal Elkartearen webgunean:

http://www.urolakosta.eus/eu/-/urola-kostako-udal-elkartearen-diru-laguntzak-eskualdeko-enpresentzat-langabeak-kontratatzeko-201-2