Easo abesbatzak eta Newman Sound kanadar abesbatzak kontzertua emango dute Orioko elizan Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan Easo abesbatzaren eta Labradorreko Newman Sound kanadar abesbatzaren kontzertua izango da Orioko elizan abuztuaren 24an, asteazkenarekin, 20:30ean hasita.

Ternuako eta Euskal Herriko folklorea

Kontzertuaren izenburua honako hau da: “Itsas abestiak. Euskal baleontziak Ternuan”. Jatorri desberdineko bi ahots talde ariko dira abesten: bat Ternuakoa eta bestea Donostiakoa. Ternuako folklorea eta euskal folklorea uztartuko dituzte programan eta, horrez gain, Angel Illarramendi euskal konpositoreak bereziki egokiera honetarako sortutako pieza bat estrainatuko dute.

Labrador penintsulako Newman Sound abesbatzaren zuzendaria Jennifer Hart da; eta Donostiako Easo taldearena, berriz, Xalba Rallo. Pianoan Tim Purdy ariko da.

Guztira hiru kontzertu emango dituzte Gipuzkoan: lehenbizikoa Pasai San Pedron (abuztuaren 23an), bigarrena Orion (abuztuaren 24an) eta azkena Getarian (abuztuaren 25ean).

Newman Sound abesbatza

Egokitzeko gaitasuna eta bikaintasun musikala dira Newman Sound gizonezkoen abesbatzaren ibilbidea ondoen deskribatzen duten hitzak. Kellie Walsh, Douglas Dunsmore eta David Chafek sortu zuten, 2005ean, Ternuako (Kanada) talde hau. Komunitate izaera duen abesbatza da, eta urtetan trebatutako 30 ahotsek baino gehiagok osatzen dute; ahots horien artean, honako lanbideak aurki daitezke: Irakaskuntza, Ingeniaritza, Musika, Zuzenbidea, Gizarte Zerbitzuak, Marketina, Informazioaren Teknologia, Odontologia edota Medikuntza.

2006an, Newman Sound Abesbatzak National CBC Choral Competition lehiaketan Kanadako Abesbatza Berri Onenaren saria jaso zuen, eta handik bi urtera, lehiaketa horretako Sail Ofizialeko azken fasera iritsi zen. 2012an Cincinnatiko (Estatu Batuak) Choir Games lehiaketako Ganbera Abesbatza Onenaren saria lortu zuen, eta 2015ean bigarren saria lortu zuen Choral Canada’s National Competition delakoan, gizonezkoen ahotsen kategorian.

Komunitate izaera nabarmenarekin, Newman Sound-ek ekimen solidario ugari babesten ditu, eta hainbat kontzertu antolatzen ditu (Love Songs for Seniors), urtero, eskualdeko zentro geriatrikoetan.

2011n, Jennifer Hart izendatu zuten abesbatzaren zuzendari elkartua, eta handik gutxira taldearen zuzendari artistiko eta musikala.

Easo Abesbatza

Easo Abesbatza 1940an sortu zen, eta nazioarteko lehiaketetan parte hartuz hasi zuen bere ibilbidea, Llangollen (Erresuma Batua), Lille (Frantzia), Arezzo (Italia), eta abarretan, eta lehen sariak eskuratu zituen horietan guztietan.

Munduko leku askotatik deitzen diote, esaterako: Madrilgo Errege Antzokia, Bartzelonako Palau, Municheko Herkulessaal, Monakoko Errege Jauregia, Bruselako Errege Antzokia, Buenos Airesko Colon Antzokia, Mexikoko Arte Ederretako Jauregia, Bartlesvilleko Auditoriuma, Berlingo Philharmonie, San Petersburgoko Alexandrinsky eta Hermitage Antzokiak, Parisko Pleyel Aretoa eta Châtelet Antzokia…

Orkestra handiekin aritu da elkarlanean, adibidez, Frantziako Nazionalarekin, Londresko Filarmonikoarekin, Parisko Operako Orkestrarekin, Lyongo Nazionalarekin, Toulouseko Kapitolioko Orkestrarekin, Orchestra of the Age of Enlightenmentekin edota Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoarekin.

Bakarlariei dagokienez, honako hauekin ere jarduna da abesbatza: Aldo Baldin, Christa Ludwig, Thomas Moser, Rockwell Blake, William Matteuzzi, Elena Prokina, Aquiles Machado… eta maisu handiek zuzendu dute: I. Stravinski, S. Baudo, S. Cambreling, M. Janowski, K. Wöss, G. Neuhold, T. Sokhiev eta abarrek.

30 disko baino gehiago grabatu ditu, EMI, OPUS 111, Naïve, Claves, Columbia, Hispavox, Philips, Polydor eta beste zenbait diskoetxerekin.

easo16