Edadetuei ariketa fisikoa egitea errazteko, jarduera berri bat abiatu dute kiroldegian Udalak eta Berdin-Berdinak elkarteak

Udalak eta Berdin-Berdinak elkarteak elkarlanean jarduera berri bat antolatu dute kiroldegian. Jende edadetuari zuzendutako jarduera da, eta hauxe du helburua: aukera ematea profil ahuleko pertsonei ere ariketa fisiko egokia egiteko, beren gaitasunen arabera.

Taldea urtarrilean abiatu zen eta, oraingoz, hiru emakume ari dira parte hartzen (argazkian horietako bi agertzen dira Ana Godoy prestatzailearekin). Norbaitek parte hartzeko interesa badu, aukera dauka apuntatzeko. Horretarako, Berdin-Berdinak elkartearen telefonora deitu besterik ez du:

  • Ana Godoy (Berdin-Berdinak elkartea): 653 622 730

AKTIBATU programa osatzeko

Udalak AKTIBATU izeneko programa bat dauka, edadeko jendea aktibatzeko eta ariketa fisikoa egiten jartzeko. AKTIBATU programaren barruan taldetxo bat juntatzen da, elkarrekin ariketak egiteko eta ibiltzeko: eguraldi onarekin, hondartza aldera edo parkeren batera joaten dira; eta, euria ari duenean, kiroldegian geratzen dira. Astean hiru aldiz geratzen dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Kiroldegian egiten dute zita 10:30ean eta ordubeteko saioak egiten dituzte.

Profil ahulagoko pertsona batzuentzat, ordea, talde horren jarduera gehiegizkoa da eta horiei ezinezkoa zaie maila horretan ariketa egitea. Profil ahulagoko pertsona horientzat pentsatuta dago Berdin-Berdinak elkarteak eta Udalak martxan jarri duten jarduera berria, intentsitate baxuko ariketa egiteko aukera ematen dielako, norberaren premietara egokituta.

Astean bi egunetan

Astean bitan juntatzen da taldea Karela kiroldegian: asteartetan, 19:30ean; eta ostiraletan, 19:00etan. Ordubeteko bi entrenamendu-saio desberdin egiten dituzte: asteartean lehorrean, tatamian; eta ostiraletan, berriz, uretan, kiroldegiko igerileku txikian.

Edozeinentzako moduko ariketak egiten dituzte, baikotzaren gaitasunari egokituta, eta ez da beharrezko igerian jakitea igerilekuko ariketak egiteko.
Jarduerak Udalaren laguntza duenez, parte-hartzaileek kuota txiki bat baizik ez dute ordaintzen: hileko 15 euro.

Begirale eta prestatzaile lanetan Berdin-Berdinak elkarteko bi lagun dabiltza: Ana Godoy eta Beñat Carretero oriotarra.