Eguneko Zentroaren 18. urteurrena ospatu dute gaur

 

Bihar, uztailaren 19an, 18 urte beteko dira Orioko Eguneko Zentroa ireki zela eta, urteurrena ospatzeko, hamaiketakoa egin dute zentroko langile eta erabiltzaileek eta Udaleko ordezkariek. Urte hauetan guztietan makina bat familiari eman dio zerbitzua Eguneko Zentroak.

‘Baleatik Baleara’ mahai-jokoa

Zaragueta Herri Eskolak garatutako Baleatik Baleara mahai-jokoaren ale bana oparitu die Udalak Eguneko Zentroko erabiltzaileei, eta hainbat ale ere utzi dituzte bertan. Izan ere, jolasak Udalaren babesa du, eta 150 ale erosi zituen, herriko zerbitzuetan banatzeko.

Antzara-jokoa du oinarri Baleatik Baleara mahai-jokoak, eta bi helburu ditu: Orioko curriculumeko edukiak zabaltzea (herriko pertsonak, elkarteak, leku esanguratsuak, ohiturak…), eta herriko gazte zein helduek elkarrekin ondo pasatzeko baliabidea izatea. Jolasean garai bateko eta oraingo oriotar ezagun ugariren aipamena egiten da eta, horrekin batera, herriko komunitatea osatzen duten elkarteak, txokoak, musika-taldeak…