Elkarretaratze isila deitu du Udalak, Nizako atentatua gaitzesteko

Elkarretaratzea gaur ostirala izango da, uztailak 15, 12:00etan hasita, eta bost minutu iraungo du. Herriko Plazan egingo da, eta Udalak dei egiten die oriotarrei bertara azaltzeko, gaitzespena elkarrekin adierazteko.

Atentatu odoltsua Nizan

Uztailaren 14ko gauean izan da atentatua, Nizan, eta hildako eta zauritu ugari eragin ditu. Horren aurrean, EUDELek gaitzespen irmoa adierazi du eta dei egin die udalei gaitzespen horrekin bat egiteko eta herritarrak deitzeko erakundeen aurrean elkarretaratze isilak egitera.

Elkarretaratze isilaren bidez ‘indarkeria terroristaren basakeria’ gaitzetsi nahi du EUDELek eta ‘dolumina eta elkartasuna adierazi biktimen senide eta hurbilekoei’.

Kaleratu duen oharrean EUDELek dio, baita ere, ‘besarkada solidarioena eta hurbiltasun-sentipen sakonena bidali nahi dizkiela Nizako hiriari eta Frantziako herri osoari’.