Martxoaren 8ko goizeko 10:00etan morez jantzi da Orioko plaza. Bi eskoletako haur eta gazteak jende-katean etorri dira plazaraino, irakasleen laguntzaz eta, ondoren, ekitaldi labur bat egin dute udaletxeko balkoitik, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko.
Jende-katea eskualde osoan antolatu da (Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aian) herri guztietako ikastetxeek eta udalek bultzatuta, Zarauzko Berritzegunearen koordinaziopean.
Plazako ekitaldian, lehenbizi, Aitziber Campos Hezkuntza batzordeko buruak ongietorriko hitzak egin eta gero, eskualde osorako adostutako agiria irakurri dute DBH4ko bi neskak (bata Zaraguetako ikaslea eta bestea, ikastolakoa). Ondoren, LH5 eta LH6ko ikasle banak Iñaki Gurrutxaga bertsolari oriotarrak prestatutako bertso parea kantatu dute; eta, segidan, Errikotxia elkarteko Rosi Lazkanok beste bi bertso kantatu ditu. Ekitaldiari bukaera emateko, berriz, plazako haur eta heldu guztiek batera abestu dituzte eskualde osorako prestatutako bertsoak.
Agiri adostua
Honako hau da ekitaldian irakurri den agiriaren testua:
Gaur, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako ikastetxe eta udal guztiok bat egin dugu, emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzeko ozen eta lau haizetara, guztiok entzuteko moduan.
Emakume eta gizonen arteko parekotasuna lortzeko bidea luzea da eta asko egin dugu aurrera bide horretan bai gure herrietan eta baita ikastetxeetan ere. Ibilitako bidearen ederrak ez digu ezkutatu behar, hala ere, oraindik ibiltzeko dugunaren neurria:
- Neskek eta mutilek zama bera eramateko etxeko lanetan eta zaintza lanetan, berdintasunean.
- Ikasketetan aurrera egiterakoan, neskek eta mutilek aukera berdina izateko, oztoporik gabe.
- Kalean lasaitasunez ibiltzeko inolako beldurrik gabe.
- Lan munduan genero mugak gainditzeko eta soldatak parekoak izateko.Menpekotasunik gabeko harremanak izateko.
Hori dela-eta, lanean segitu behar dugu, bai herrian eta bai ikastetxeetan, parekotasunaren aldeko aldarria egiten eta guztiontzako eskubide eta betebehar berdinak eskatzen, gizarte zuzenago bat lortzeko.
Helburu horretara iristeko, gizarte osoak egin behar du ahalegin kolektiboa eta gu, agiri hau sinatzen dugun gizon-emakume eta erakundeok, prest gaude ahalegin kolektibo horri gure alea gehitzeko eta, horregatik, KONPROMISO HAUEK HARTZEN DITUGU:
- Bakoitzak gure esparruan tinko egingo dugu emakume eta gizonen arteko parekotasunaren alde.
- Gure ikastetxeetan parekotasunean oinarritutako hezkuntza bermatuko dugu.
- Parekotasunaren aldeko aldarria zabaltzen jarraituko dugu, gizarteak segi dezan aurreratzen norabide horretan.
- Elkarrekin ibiliko dugu bide hau, hitzak eta ekintzak uneoro uztartuz.
Orio, 2018ko martxoaren 8a.
Ekitaldiko bertsoak
Hauek dira, berriz, ekitaldian kantatu diren bertsoak:
Iñaki Gurrutxagak egindakoak:
Inork sinesten ez zuenean
pauso sendoak emanak
ondo gogoan dauzkagu berriz
lehengo emakume danak
gauden lekura heldu gintezen
haien borrokak ta lanak
pauso beretik segi dezagun
bidera batu geranak!
Mingaina moztu zieten eta
kosk egin zuten ahoaz
eskua moztu zieten eta
mahaian kolpea besoaz
emakumeoi kendu ziguten
talai altura igoaz
mundua alda dezakegu ta
mundua_aldatzera goaz!
Doinua: Badira hiru aste (Mikel Urdangarin)
Rosi Lazkanok egindakoak:
Nire sentimenduak
hontara narama,
balkoira irten, utziz
sukaldeko lana.
Nahiago det batzuen
lotsagabe fama,
ez sufritzen isilik
gelditzen dan ama,
libre ahal dugula
azaldu gerana.
Diskurtso potoloak
ondo bete lastoz,
baina gero betiko
arau denak datoz.
Eskaparate hontan
zailago da askoz,
etiketak ez dira
bete gure datoz,
eta zer geran bistan
ipintzera gatoz.
Ekitaldiari bukaera emateko bertsoak:
1
Ikastetxeak zenbat balore
den-denak baliagarri
gure arteko giroan eta
jarreran dira igarri
berdintasuna beharko luke
gure bizitzan oinarri
zenbat neska eta zenbat mutil
elkarren ondoan sarri
ikasitakoa behar dugu
bizitzan praktikan jarri
eta ametsak egi bihurtu
eskua emanez elkarri
2
Zenbat ta zenbat emakumeren
eskubide urraketa
eta nola emango diogu
egoera honi buelta
gizarte honek egin behar du
benetako hausnarketa
ondorengo belaunaldietan
etor dadin aldaketa
guzti hau behingoz erro-errotik
aldatu behar da eta
mundu berri baten ardatza da
gu gazteon heziketa
3
Ikasle asko bildu gara gaur
pankarta baten atzean
denok gogor arraun egiteko
norabide berdinean
gizon emakume denak laster
egon gaitezen parean
batzuk aukerarik gabe eta
askotxo besten menpean
zerbait egin behar dugu azkar
egoera honen aurrean
batera lasai bizi gaitezen
denok etorkizunean.
Doinua: Irrifar laranja bat margotu