Eneko Merino Sastrek irabazi du Urola Kostako Udal Elkarteak deitutako logo-lehiaketa

Urola Kostako Udal Elkarteak logo-lehiaketa egin du, eskualdeko kultura eta sormen industriak sustatzeko aurrerantzean erabiliko den logoa aukeratzeko.

Lehiaketara zazpi lagunek aurkeztu dituzte proposamenak eta, guztien artean, Eneko Merino Sastrerena aukeratu du epaimahaiak. Goiko irudian ikusi daiteke lehiaketa irabazi duen logoa.

Irabazleak 1.200 euroko saria jaso du.

Epaimahaiak bereziki azpimarratu du aurkeztu diren proposamenen maila, lanketa eta egokitasuna.

Eskualdeko sortzaileak biltzeko egitasmoa

Udal Elkarteak azterketa egin du 2017an, eskualdeko kultura eta sormen industrien gaitasun, ahultasun eta beharren gainean, “Urola Kosta, eskualde Sortzailea” izeneko egitasmoaren bidez (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko programaren laguntzarekin garatutako egitasmoa). Sektoreko enpresa, eragile eta profesionalekin hainbat topaketa egin ondoren, agerian geratu da premiazkoa dela, arlo hori indartu eta sendotzeko, sektorean sare bat eratzea, sektorea profesionalizatzea eta sektoreari ikusgarritasuna ematea. Horren haritik egin eta bideratu du Udal Elkarteak lehiaketa hau.

Horrekin batera, aurrerantzean hainbat ekimen bideratuko ditu Udal Elkarteak eskualdeko kultura eta sormen industrien lehiakortasuna hobetzeko eta ekimen horiek identifikatzeko erabiliko den marka lehiaketaren irabazlearena izango da.