Enpresa sortu nahi dutenentzako ikastaroa: izena emateko epea luzatu du Udalak

Orioko Udalak ikastaroa antolatu du, enpresa bat sortzeko lehenengo urratsei buruzkoa. Jarritako epean jende gutxiegik eman du izena eta Udalak erabaki du epea luzatzea, urtarrilaren 28ra arte.

Izena emateko epe berria urtarrilaren 17tik 28ra artekoa izango da.

Orioko Udaleko Ekintza Ekonomikoetako eta Enpleguko batzordeak antolatu du ikastaroa eta enpresa sortu nahi duten ekintzaileei zuzendua dago.

Ikastaroan jorratuko diren gaiak honako hauek izango dira:

  1. Ideiak eta sormena lantzeko teknikak.
  2. Ideietik ekintzetara.
  3. Ekintzailetasuna lantzen: ideien errentagarritasuna eta merkatua
  4. Enpresa motak. Lehenengo erabakiak hartzen
  5. Enpresa proiektuaren ildoak: Enpresaren izena eta jarduera, enpresaren eraketa juridikoa, merkatuaren egoera eta ikerketa, enpresaren gestioaren kontzeptuak, diru-laguntzak eta dokumentazio administratiboa.
    Matrikulazioa

Ikastaroan matrikulatzeko, udaletxeko bulego orokorretara jo behar da.

Matrikula egiteko, nortasun-agiriaren kopia ekarri beharko da. Langabezian daudenek langabetu-txartelaren kopia ere aurkeztu beharko dute. Prezioa

Ikastaroaren prezioa 30 eurokoa izango da. Ez da izena ematerakoan ordainduko, baizik-eta behin taldea osatu eta ikastaroa hasteko momentuan.

Langabetuek doan egin ahal izango dute.

Egunak eta orduak

Klaseak astelehenetik ostiralera emango dira, arratsaldez: 17:00etatik 19:30era.

Taldea osatzen bada, otsailean izango dira eskolak, ikastolako informatika-gelan.