Enpresa txikiei bideratutako prestakuntza-saioak antolatu ditu Udal Elkarteak, euskaraz lan egiten laguntzeko

Euskaraz lan egiteko laguntza ematea dute helburu prestakuntza-saio horiek. Hizkuntza kudeaketa hobetzeko saio teoriko-praktikoa, eta testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak.

2017an abiatu zen ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN proiektua Zumaia, Getaria, Aia, Zarautz eta Orioko enpresei laguntza emateko, euskaraz funtzionatzeko bidean aurreratzeko. Geroztik Udal Elkarteak eskualdeko enpresa txikiei bideratutako prestakuntza-saioak antolatu ditu urtero.

Saio teoriko-praktikoa urtarrilaren 22an

Urrats bat gehiago emateko borondatearekin antolatu dira enpresa txikiei zuzendutako saio teoriko-praktikoa nahiz ikastaroa. Saio teoriko-praktikoan hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak azalduko zaizkie izena ematen duten enpresei; besteak beste, enpresa hobetzeko aukeren identifikazioa, marketina eta publizitatea, ingurune digitala, eta idatzizko eta ahozko harremanak. Saioa urtarrilaren 22an egingo da, 13:30etik 15:00etara bitartean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Egun horretan parte hartu ezin duten enpresek beste aukera bat izango dute martxoaren 26an.

Saio horri buruzko informazio gehiago (PDF)

Hiru eguneko ikastaro laburra

Bestetik, lanean idazten diren ohiko testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa prestatu du Udal Elkarteak. Saio horien bidez, Urola Kostako enpresa txikiei lanean ohikoak dituzten testu eta mezu laburrak euskaraz idazteko erremintak emango zaizkie; testu mota desberdinak ezagutu eta idazteko aholkuak, Euskaltzaindiaren oinarrizko arauen lanketa, edota testuen egituraren azterketa.

Ikastaroa hiru egunetan emango da: urtarrilaren 30an, eta otsailaren 13an eta 27an. Saio guztiak 13:30etik 15:00etara bitartean izango dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Ikastaroaren kasuan ere, bigarren aukera bat eskainiko zaie eskualdeko enpresei. Izan ere, ikastaroa errepikatu egingo da maiatzaren 8an eta 22an, eta ekainaren 5ean.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago (PDF)

Izen-ematea

Dagoeneko izena eman dezakete interesa duten enpresek Udal Elkartearen webguneko formularioa beteta, (http://www.urolakosta.eus/eu/euskara-enpresan). Izen-emateko epea urtarrilaren 18an bukatuko da.