Erregeen kabalgataren geldialdietan bakarrik botako dituzte goxokiak aurten

Aurtengo Erregeen kabalgatan berrikuntza nabarmen bat izango da: Erregeek geldialdietan bakarrik botako dituzte goxokiak, eta ez dute goxokirik botako desfilatzen duten bitartean. Zergatik? Aurreko urteetan jendea, goxokiak hartzeko, segurtasun sokaren azpitik pasatu izan delako, zaldien ondoraino. Beraz, zaldiekin izan daitezkeen arriskuak eta istripuak saihesteko, Erregeek geldialdietan bakarrik botako dituzte goxokiak aurten.

Talaimendi elkarte antolatzaileak dio ez dela izan gustuko erabakia eta ez diotela utzi nahi goxokiak botatzeari; baina, dena ondo ateratzeko, kabalgatan parte hartzen duten guztien laguntza behar dutela: desfilean doazen lagunena eta ikusleena. Talaimendik eskatzen du, mesedez, errespetatzeko antolatzaileen aginduak eta hartzen diren segurtasun neurriak, festak festa izaten jarrai dezan eta istripurik gerta ez dadin.