Eskualdeko jatetxeetako menuak euskaraz eskaintzeko kanpaina egingo dute udal elkarteak eta udalek

Urtarrilaren 23an, ostiralarekin, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko udalek EUSKARA MENUAN kanpaina aurkeztu dute Zarautzen. Aurkezpenean parte hartu dute Peru Fernandez de Arroiabe Zumaiako euskara zinegotziak, Gari Berasaluze Zarauzko euskara zinegotziak eta Amaia Guruzeta Udal Elkarteko presidenteak.

Urola Kostako Udal Elkartea eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalak EUSKARA MENUAN izeneko kanpaina jarri dute martxan, KALEKO egitasmoaren barruan, gure herrietako taberna, kafetegi eta jatetxetako kartak eta menuak euskaraz jartzeko.

Udaberri eta udari begira, helburu hori ahalik eta establezimendu gehienetan lortu nahi dute udalek eta horretarako antolatu dute, hain zuzen ere, kanpaina hau.

Horrekin batera, bezeroek euskaraz eskatzea ere bultzatu nahi dute eta, beraz, ostalarien ahalegina eta euskaraz eskatzen duten bezeroen jarrera bultzatuko dute, sarien bidez.

Euskaraz menurik ez duten jatetxeei

Udal Elkarteak eta udalek uste dute, gure eskualdean zerbitzu egoki bat emateko, menua eta antzeko euskarriak euskaraz ere jarri behar direla. Euskaraz ez duten establezimenduei zerbitzu pertsonalizatu eta azkarra emango diete, beren menuak eta antzekoak euskaraz txukun jartzeko.

Euskaraz badutenei

Gure eskualdean asko dira menua edo antzeko euskarriak, paperean, euskaraz dituzten ostatu eta jatetxeak. Hala ere, sarritan ez zaie erraza egiten eguneroko menua idazteko arbela euskaraz ere jartzea; edo kosta egiten zaie plater berriak nola idatzi erabakitzea… Kanpaina honen barruan horretarako laguntza jaso ahal izango dute eta, horrez gain, hainbat tresna jarriko zaizkie eskura.

Kanpainak bi zati

1. Jatetxe eta ostatuekin harremanetan jarri eta menua edo antzeko euskarriak itzultzeko, zuzentzeko edo eguneratzeko laguntza eskainiko diete KALEKO egitasmoko langileek eta jasotako eskaerak egin eta entregatu egingo dituzte. Lan horretan aste honetan hasi dira.

2. EUSKARA MENUAN kanpaina: parte hartzea erabakitzen duten establezimenduetan euskaraz eskatzen duen bezeroari txartel bat emango zaio, zozketa batean parte hartzeko. Sarien zozketarekin amaituko da kanpaina, martxoaren 18an.

Kanpainaren ezaugarriak labur-labur

NON: kanpaina Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian egingo da.

PARTE HARTZAILEAK: Menua, karta, ogitartekoen edo-eta plater konbinatuen zerrendak euskaraz ipinita dituzten ostalariek hartu ahal izango dute parte.

SARIAK BEZEROENTZAT: Establezimendu horietan euskaraz eskatzen duten bezeroen artean sariak banatuko dira: kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan bazkari edo afariak (zozketatuko dira 60 euroko balioa duten 20 txartel).

NOLA: Zozketa bidez emango dira sariak, horretarako zozketa-txartelak prestatuko dira bezeroei emateko. Zozketa-txartelean, bere datuez gain, euskaraz eskatu duen platera edo menua idatzi beharko du bezeroak. Txartelak horretarako jarritako kaxa batean jasoko dira eta epea amaitutakoan zozketa egingo da.

LAGUNTZA: Ostalariek jasoko duzuen zerbitzua: laguntza menua euskaratzeko (zuzendu, itzulpenak egin…), kanpainako euskarriak (kaxa, txartelak…), kanpaina bideratzeko laguntza eta aholkularitza (kaxak jarri, jaso, zozketa egin…).

EPEA: kanpaina urtarrilean hasi eta martxoaren 18an amaituko da (data horretan egingo da sarien zozketa).