Eskualdeko turismo-eskaintza azaltzeko tailerra izan zen Orion martxoaren 15ean

Eskualdearen turismo eskaintza ezagutzera emateko tailerra egin zuten Orioko Arraunetxen joan den ostegunean. Tailerraren helburua zen eskualdearen turismo eskaintzaren berri ematea bidaia agentziei eta turismo gidariei.

2018an hainbat ekimen bideratuko ditu eskualdeko Turismoa Dinamizatzeko Mahaiak, gure eskualdearen turismo eskaintza ezagutzera emateko bidaia agentziei, gidariei eta turismo arloko profesionalei. Joan den martxoaren 15ekoa izan da aurtengo lehen ekimena.

Turismo alorreko 23 lagun

Martxoaren 15eko tailerrean 23 pertsona elkartu ziren: batetik, gure eskualdeko turismoaren arloko enpresak; bestetik, Euskadiko bidaia agentzia eta turismo gidariak; eta, azkenik eskualdeko turismo bulegoetako eta Udal Elkarteko ordezkariak.

Tailerrean bidaia agentziek eta turismo gidariek aukera izan zuten gure eskualdearen turismo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko, zerbitzu horiek eskaintzen dituzten enpresen eskutik.

Horrekin batera, gainera, aukera izan zuten Arraunetxeko instalazioak bisitatu eta ezagutzeko.