Estitxu Pinatxo abeslariak kontzertua emango du Arraunetxen urriaren 16an

Estitxu Pinatxo abeslari nafarraren kontzertua izango da Orion urriaren 16an, ostiralarekin. Kontzertua 19:00etan izango da, Arraunetxeko aretoan.

Kontzerturako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 2 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 80 sarrera daude saltzeko eta dagoeneko erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.

Estitxu Pinatxo abeslaria

Estitxu Pinatxo Beran jaio zen 1987an. Txikitatik erakusten zuen musika-zaletasuna eta 15 urterekin ekin zion profesional modura kantatzeari.

Euskal Telebistan egin du lan, beti musikari lotutako saioetan. Telecincoko La Voz saioko eta Antena 3eko El Número Uno saioko lehiakide izan zen.

Damba musika taldeko abeslari izan zen eta, taldearen errepertorioan rocka, bluesa, jazza, rumba eta reggae estiloak jorratzen zituzten. Ondoren, Mikel Santxez musikariarekin batera, Dama Beltzak izeneko proiektua sortu zuen, non Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklinen kantuak interpretatzen zituzten.

Haize gorri batek diskoa

2019an disko bat atera zuen bakarka eta disko horretako kantak abestuko ditu, batez ere, Orioko kontzertuan. Diskoak Haize gorri batek du izena eta bertan gizarte-gaiak erabiltzen ditu, soul-aren eta musika beltzaren ukituarekin.