Etxeetako lapurreten prebentzioa bultzatu nahi du Udalak

Eskualdeko hainbat herritan (Zarautz, Zumaia…) ugaritu egin dira azken aldian etxeetan egindako lapurretak. Hori dela-eta, Ertzaintzak ohar bat kaleratu du herri horietan zabaltzeko. Zarautzen, esaterako, herriko portaletan jarri du oharra, jendeari kontuz ibiltzea eskatzeko (ikusi irudia).

Orion ez dugu sumatu horrelako lapurretak ugaritu direnik; baina, hala ere, neurri prebentibo gisa, Udalak erabaki du ohar hau publikatzea, herritarrak kontzientziatzeko, beti ondo dator-eta oinarrizko aholkuak gogoraraztea.

Oinarrizko aholkuak

Etxeetako lapurretak prebenitzeko, hiru oinarrizko aholku ematen ditu Ertzaintzak kaleratu duen oharrak:

  • Aterik ez irekitzea ezezagunei. Inoiz ez zabaldu atea ezezagunei, eta eduki beti itxita bai etxeko atea eta bai portalekoa.
  • Atea beti giltzatuta utzi. Etxetik denbora gutxirako baldin bazoaz ere, eta segituan etortzea pentsatzen baduzu ere, BETI itxi atea giltzarekin.
  • Autoarekin garajetik ateratzerakoan, begiratu ispilutik ea norbait sartzen den.

Deitu udaltzaingora edo Ertzaintzara

Susmoren bat izanez gero, deitu Orioko udaltzaingora (943 830 028) edo Zarauzko Ertzainetxera (943 538 900).