Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak adiskide numerario izendatuko du Xabier Lizaso larunbatean

Orioko kultur etxean egingo den ekitaldi baten bidez izango da. Ekitaldia larunbat honetan izango da, urriaren 28an, 12:00etan hasita. Ekitaldi horretan Xabier Lizasok elkartean sartzeko ikasgaia emango du, ‘Neurozientziak eta musika’ izenburua izango duena.

Aurrez, ekitaldiari hasiera emateko, Orioko alkate Jose Angel Zalduak eta elkartearen Gipuzkoako presidente Juan Bautista Mendizabalek hartuko dute hitza.

Ekitaldiaren bukaeran, Garikoitz Mendizabalek emango dizkio Xabier Lizasori elkarteko kide bihurtzeko domina eta diploma.

Ekitaldira azaldu nahi dutenek aukera izango dute, aldez aurretik kultur etxean gonbita jasota.

Xabier Lizaso Loidi

Xabier Lizaso Loidi (Orio, 1965) euskal pianista eta ikertzailea da. Bere ibilbide profesionalean toki askotan bizi izan da: Polonian, Ingalaterran, Sevillan, Madrilen… Gaur egun Orion bizi da berriro.

6.000tik gora kontzertu didaktiko egin ditu azken 26 urteotan eta, arian-arian, metodo pertsonal bat sortu du.

Piano-jotzaile gisa, Chopin-en lanak jo izan ditu gehiena, Varsovian bizi izan baitzen hiru urtez haren obra sakon ikasten. Grabazioak egin izan ditu Radio Clásicarako, Euskadi Irratirako eta Euskadiko Orkestrarekin batera.

Gaur egun Andoni Egaña bertsolariarekin dabil, Euskal Herrian barrena ekitaldiak ematen.

Ikerlari gisa, Do Re Ni elkartea sortu du. Ekarteak uztartu egiten ditu neurozientzia eta musika, garuna estimulatzeko helburuarekin. Bere metodoak kirola, dantza, antzerkia eta musika lotzen ditu, betiere ikuspegi ludikoarekin.