Euskadiko Kutxak eta Orioko Udalak, UEMAko beste 11 udalekin batera, hitzarmena izenpetu zuten maiatzaren 28an Donostiako Euskadiko Kutxaren bulego nagusian, hainbat konpromiso hartuz, datozen lau urteetan euskararen erabilera bultzatzeko.
Orioko Udalaren ordezkari, Eneko Olariaga izan zen, funtziotako alkatea.
Ostiralean izenpetutako hitzarmena aurrekoaren jarraipena da, izan ere, azken lau urteetan Euskadiko Kutxak hainbat pauso eman baititu euskeraren normalizazioan UEMAko herrietan. Euskadiko Kutxak, konpromiso horren bidez adierazi duenez, aurrerantzean urrats gehiago egiteko borondatea dauka.
Konpromiso zehatzak hartu dituzte Udalak eta Euskadiko Kutxak eta, horiek behar den moduan garatzen direla ziurtatzeko, jarraipen batzordea izendatu da, Euskadiko Kutxako teknikari eta zuzendaritza taldeko kideek eta UEMAko teknikariek osatua.
Orion eta gainerako herri euskaldunetan bizi den euskaldun kopuruari erreparatuta, Euskadiko Kutxak bezeroekiko harremanetan euskara normaltasunez erabiltzeko konpromisoa hartu du eta, horretarako, neurri zehatzak agindu ditu, besteak beste, bezeroari lehen hitza euskaraz egitea, lehen libreta irekitzean eskaintza euskaraz egitea, gazteei bereziki, kutxazainetako sarrerako agurra euskaraz izatea, langileen prestakuntza orokorrean euskara kontuan izatea…