Martxoaren 13an, ostiralarekin, «Evaren alabak» kale-ikuskizuna izango da Orion.
Antzerkiaren bi saio izango dira, elkarren segidan: lehenbizikoa 21:00etan hasita, eta bigarrena, berriz, 21:45ean. Saio bakoitzerako 30 bat sarrera salduko dira. Bi saioak toki beretik abiatuko dira: Zakilaneko aldapatik, Pietatearen azpitik; handik zimitorio zaharrera joango dira aktoreak eta ikusleak eta, bukatzeko, Salatxo aretora joko dute.
Sarrerak 2 eurotan salduko dira eta aldez aurretik erosi behar dira kultur etxean. Sarrera-kopurua mugatua da eta, beraz, interesa dutenek hobe dute azti ibili.
Emakumearen kontrako indarkeria
«Evaren alabak» antzezlanak begien bistara eta hizpidera ekarri nahi du emakumearen aurkako indarkeriaren gaia. Atzean historia latza duten hiru emakume dira protagonistak eta modu gordinean kontatuko dituzte beren bizipenak.
Tik Tak taldearen ekoizpena da «Evaren alabak». Zuzendaria Elena Aranbarri da eta aktore nagusiak, berriz, hauek dira: Marta Garcia, Jeronimo Otegi, Nieves Peña eta Sonia Sanz.