Fatiha Hajji Babaren pintura erakusketa izango da ikusgai kultur etxean maiatzaren 7tik 21era

Fatiha Hajji Baba (Monlay Boussalham, Maroko, 1962) pintorea da. Duela 26 urte utzi zuen Maroko, eta, hainbat tokitatik pasatu ondoren, Azkoitian jarri zen bizitzen duela hamahiru urte. Han topatu du horrenbeste urtez bilatu duen lasaitasuna, eta bertan ematen ditu orduak eta orduak pintura-lanak sortzen, beti olio-pintura erabiliz.

Emakumearen, pobrearen eta migratuaren azaletik pintatzen du Hajjik. Deserrian bizi izan dituen bidegabekeriak direla-eta, errazago identifikatzen da «arazoak dituen jendearekin».

Koadro bizi bezain ilunak pintatzen ditu, gerrak eta miseriak zipristindutakoak; baina, aldi berean, oso alaia du aldartea. Kontraesan horretatik elikatzen da bere sormen-lanetarako.