Orioko Udalak 2013an sinatu zuen lau urteko hitzarmen bat Garabide elkartearekin, haren jarduerak diruz laguntzeko. Hitzarmen horren bidez, Orioko Udalak babes ematen dio Garabide elkartearen jardunari eta haren lanaren garrantzia aitortzen du.
Garabide elkartea
Garabide elkartea 2005. urtean jaio zen, kooperazio-eredu berri bat lantzeko asmoarekin. Kooperazio-eredu klasikoan gailendu izan den “Zenbat diru dugu emateko?” galderari buelta eman eta “Zein esperientzia dugu elkartrukatzeko?” galdegiten hasi zen. Esperientzien elkartrukean oinarritzen da Garabideren kooperazio-eredu berria; eta, batez ere, hizkuntz(ar)en gaia jorratzen du. Euskal Herrian lan handia egin da euskara berreskuratzeko, eta bide horretan ikasitakoa konpartitzen du Garabidek antzeko egoera duten herriekin. Batez ere, Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako herriekin lan egiten du (maiak, kitxuak, nasak…); baina, baita ere, kurduekin eta berbereekin, besteak beste.
Jon Sarasua Ekuadorren, aholkulari
Garabideren izenean bi joan-etorri egin ditu 2015ean Jon Sarasuak Ekuadorrera. Han, lehenbiziko aldiz, Hizkuntzen Legea onartu nahi dute parlamentuan eta Jon Sarasua aholkulari-lanetan ibili da lege-aurreproiektu hori prestatzen ari den lan-taldean. Euskal Herriak hizkuntza-normalizazioaren alorrean pilatu duen ezagutza konpartitzeko aukera izan du, beraz, hango adituekin.
Ekuadorko Hizkuntza Legearen proiektua gehien bultzatu duena Sacha Rosero izan da (argazkian, kapelarekin). Sacha Rosero orain dela urte batzuk izan zen Euskal Herrian, Garabidek antolatutako ‘Hizkuntza Biziberritzeko Aditu Titulua’ ikastaroa egiten eta, berak aitortzen duenez, hemen bizi eta ikasitakoak oso baliagarriak izan zaizkio Ekuadorren aplikatzeko. Ekuadorrek hizkuntza-aniztasun handia du eta, gainera, hango hizkuntza-komunitate batzuk sendoak dira gaur egun ere (kitxuak eta aimarak, bereziki). Sacha Rosero ezagutzen dugu Orion, Ekuadorko otabaloen egoeraz hitz egitera etorri zelako, eta Kultur Aniztasunaren jaian ere parte hartu izan duelako.