Kontzertua maiatzaren 15ean izango da, 22:30ean hasita eta sarrera doan da. Orioko Udalak antolatu du, ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan.
‘Arnasak’ izeneko emanaldiak txistua eta eskusoinua uztartzen ditu. Uztarketa hori ez da oso ohikoa; baina bi lagunen arteko jolasak oso ondo funtzionatzen du. Ganbera-kontzertu oso berezia da Garikoitz Mendizabal txistulari ezagunak eta Aitor Furundarena eskusoinu-jotzaileak eskainiko dutena, eta gertu-gertukoa egingo zaie entzuleei. Euskal Herriko eta Europako beste toki batzuetako musika joko dute. Guztira, 11 bat pieza.
Gonbita hartu behar
Sarrera doan izango da; baina, aretoaren aforoa mugatua denez, Udalak 100 gonbita jarri ditu eskura kultur etxean eta ikuskizunera joan nahi dutenek horietako bat hartu beharko dute, bertan eskatuta. Datorren astelehenetik aurrera izango dira gonbitak eskuragarri. Arin ibiltzea komeni.