Gabonetako argiekin iaz urratutako bideari eutsi dio Udalak aurten, eta herriaren izaerarekin lotuago dauden argi eta apaingarri berriak instalatu ditu. Iaz jarritakoez gain, herriko beste hainbat gune ere argiztatu ditu Udalak, irizpide horri jarraituta. Orioren izaeran eta ezaugarrietan oinarrituta, helburua da herria modu berezian apaintzea, erakargarria egiteko herritarrentzat eta bisitarientzat.
Alde batetik, Arkupe merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, merkataritza-gunearen argiztapena zabaldu egin da, eta Eusko Gudarien kalea ez ezik, Arrantzale ere apaindu da. Bestetik, Mutiozabal ontziolan, Kale Nagusian eta Pilliku plazaren inguruan eta Anibarko Portuan ere jarri dira apaingarri berriak.
Horrez gainera, iaz jarritakoak ere instalatu dira: herriko zubiaren azpiko koloretako argiak, arrantzaleen baporeetakoak eta plazako kioskoan jartzen direnak.
Jokin Eizagirre usurbildarrak landu du aurten ere argi eta apaingarrien proposamena. Instalatutako argiak Udalak erosi ditu, eta, ondorioz, gerora ere erabiltzeko moduan izango da, Gabonetan edo bestelako jaietan.