Gazteen lokalen erabilera egokia bultzatu nahi du Udalak eta, horretarako, prozesu parte-hartzailea abiatuko du.
Prozesu hori otsailaren 22an abiatuko da, kultur etxean 19:00etan egingo den bilera irekiaren bidez. Gazteen lokalean gaiarekiko interesa duten guztiak gonbidatuta daude bilera horretan parte hartzera, beren ekarpenak egiteko.
Orioko Udalak gazte lokalen erabileran elkarbizitza hobetzeko eta arriskuak gutxitzeko gida bat egin du. Gida honen bidez lokalen gazte erabiltzaileei gomendio batzuk luzatu nahi dizkie, espazio hauen erabilera segurua eta arduratsua egiteko.
Parte-hartzea sustatzeko, web orri bat prestatu du Udalak:
https://sites.google.com/site/partehartzeprozesuaorio/
Helburuak
Parte hartze prozesuaren helburua besteak beste, Gazte Lokalen Erabileran Elkarbizitza hobetzeko eta arriskuak gutxitzeko Udalak egin berri duen gida ezagutzera ematea izango da eta, aldi berean, gazte erabiltzaileen artean egin diren elkarrizketen ondorioetatik abiatuta, lokalen inguruan egungo Orioko errealitatea dimentsionatu nahi da.
Hausnarketa hori aurrera eramateko bilerak egitea aurreikusten da lokalen erabiltzaileekin eta baita lokalak kokatzen diren inguru horretan dauden merkatari, finka administratzaile eta bizilagunekin.
Metodologia
Proposatzen den metodologiari dagokionez, bilerei hasiera eman aurretik lokalen gazte erabiltzaileen artean elkarrizketak egin dira, beren ikuspegia jasotzeko eta lokalen egoera baloratzeko.
Guztira, hiru bilera izango dira aurrerantzean:
- Lehenengo bilera, otsailaren 22an: lokalak kokatzen diren inguru horretan dauden merkatari, finka administratzaile eta bizilagunekin.
- Bigarren bilera: lokalen gazte erabiltzaileekin.
- Hirugarren bilera: parte-hartzaile guztiak elkartuta.