Guraso Topaketak izango dira azaroaren 22an eta 29an

Topaketen gaia hau izango da: ?Krisia nerabezaroan: krisia familian?.

Bi saioak kultur etxean izango dira, 19:00etan hasita, eta Ana Elosegi psikologo klinikoak bideratuko ditu.

Azken urteetan egiten ari den moduan, Orio Udaleko Prebentziorako Kontseiluak, Askagintza elkartearekin elkarlanean, gurasoei zuzendutako topaketak antolatu ditu. Topaketak kultur etxean izango dira, azaroaren 22 eta 29an, astelehenarekin, arratsaldeko 19:00etan, eta nerabezaroaren gaia landuko dute. Dinamizazioa Ana Elosegi psikologo klinikoaren esku egongo da.

Nerabezaroa garai berezia izan ohi da, bai pasa behar duenarentzat eta baita ingurukoentzat ere; ez da erraza izaten fase horretan gertatzen dena ulertzea.

Nerabeek heldutasunerako bidea hasi, eta beren espazio eta eskubide berriak eskatzen dituzte. Ordura arte, gurasoentzat, umeak besterik ez ziren eta, bat-batean, aldaketa handia egiten dute. Aldaketek beti sortarazten dituzte sentimendu kontrajarriak eta, batez ere, egoera berrira egokitu beharra izaten da. Horren berri badute nerabeak inguruan dituztenek.

Nerabezaroko aldaketak beste ikuspuntu batetik aztertu ahal izateko helburuarekin antolatu ditu Udalak topaketa hauek.