GURE bihotzeko ZIRKUA

Bi hilabetez adin eta leku guztietako euskaldun eta euskaltzaleen topagune izan den zirkuak agur esan du datorren udara arte.

Argazkiak: Gure Zirkua

Ez da edozein zirkua. Ezta bere atzean dagoen taldea ere. Eta, horregatik, penaz esan diogu “gero arte”. Izan ere, Gure Zirkuak bere izenak berak adierazten duena lortu du: gurea sentitzea. Oriotarren zirkua bihurtu da. Gure bihotzeko zirkua.

Joan den larunbateko azken emanaldiaren ondoren, Iker Galartza eta bere taldea karpa jasotzen hasi ziren; uda osoan euskaldun eta euskaltzaleen elkargune izandakoa. Oriotik ez ezik, herri, eskualde eta Euskal Herriko txoko guztietatik etorri diren ikusleak ere izan ditu Gure Zirkuak. Hau da, gaur egun euskal kulturaren transmisio-puntua ere bilakatu dela esan dezakegu eta, era berean, bultzatu nahi dugun turismo-ereduarekin bat egin duela.

Hamarnaka saio, bi hilabetez eta milaka ikusle. Zifra horiek utzi dizkigu Gure Zirkuak. Baina garrantzitsuenak, aldiz, haur, gazte, eta helduen artean sortarazitako milaka irribarre eta algarak izan dira. Izan ere, Gure Zirkua guztiona eta guztiontzat izateko sortu da, eta hiru urtez jarraian gure herriari bisita egin ondoren, udako ezinbesteko plana bihurtu da oriotarrentzat.

Eta horrela izaten jarraitzea espero dugu. Gure Zirkuak gure artean etorkizunean ere jarrai dezala eta elkarrekin euskararen alde hazten eta harremanak estutzen jarrai dezagula.

Gero arte, lagunak! Bidaia ona izan!

GureZirkua21.jpg