Harakintza industrian hasi nahi dutenentzako ikastaroa antolatu du Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik, “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute eskualdeko langabeek. Azaroaren hasieran hasi eta 5 hilabeteko prestakuntza epea izango da. Zabalik dago izen-ematea urriaren 11 bitartean.

HAZIren eskutik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren ekimenez, “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” izeneko 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute eskualdeko langabeek. Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin eta Urkaiko eta Basatxerri enpresekin elkarlanean antolatu da ikastaroa.

Elikagaien industrien baitan diseinatutako ikastaroaren helburua da inguruko langabeen lanbide kualifikazio eta konpetentziak egokitzea; batez ere, lan merkatura sarrera errazteko eta enpleagarritasuna hobetzeko. Kasu honetan, guztira, 5 hilabeteko prestakuntza jasoko dute harakintza industrian murgildu nahi duten langabeek.

Ikastaroa erabat doan izango da.

Ikastaroaren helburua eta landuko diren gaitasunak

Ikastaro honen helburua da, haragi sektoreko enpresek eskatzen dituzten konpetentzia eta gaitasunak kontuan izanda, pertsona langabetuei lan merkatuan sartzeko eta lanbide bat gauzatzeko tresna egokiak ematea.

Ikastaroan parte hartzen dutenek hainbat gaitasun eta konpetentzia landuko dituzte. Alde batetik, haragia balioesteko eta zatitzeko, eta haragi-produktuak eta haragi-prestakinak prestatzeko eta elaboratzeko eragiketak egiten ikasiko dute. Bestetik, indarrean dagoen araudi tekniko-sanitarioa betetzeko eman beharreko urratsak ezagutuko dituzte. Azkenik, enpresa txiki batean haragi-produktuak merkaturatzeko gaitasunak barneratuko dituzte.

5 hilabeteko iraupena, 5 prestakuntza-modulu

Azaroaren hasieran hasi eta 5 hilabeteko iraupena izango du prestakuntzak. Guztira, 510 orduko prestakuntza-ziurtagiria eskainiko da. Ikastaroa gazteleraz eskainiko da eta doan izango da. Eskolak URKAIKO baserritarren kooperatibak Zestoan duen egoitza nagusian izango dira.

Hona hemen prestakuntza-moduluak, banan- bana:

  • Haragiaren eta haragi-produktuen biltegiratzea eta bidalketa (40 ordu).
  • Haragiaren egokitzapena eta teknologia (120 ordu).
  • Haragi- prestakin freskoen elaborazioa (90 ordu).
  • Industriako haragi-produktuen elaborazioa eta trazabilitatea (180 ordu).
  • Lanekoak ez diren lanbide-jardunbideak harakintzan eta haragi-produktuen elaborazioan (80 ordu).

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

  • Urola Kostako Udal Elkartea, Enpplegu Zerbitzuak (Olaia Sainz)
  • Urdaneta bidea 6 (Abendaño industrialdea), 20800 Zarautz
  • Tel. 943890808
  • osainz@urolakosta.eus