Herriko planoa argitaratu du Udalak eta buzoi guztietan banatuko du

Planoa herriko etxe guztietara zabalduko da egun hauetan.

Udaleko bulego teknikoak eta Euskara Zerbitzuak landu dute planoa bi helburu nagusirekin: herrian azken urteotan izandako aldaketak jasotzea, batetik, eta, bestetik, herriko toponimoen (toki izenen) forma normalizatuak zabaltzen laguntzea.

Planoa bi aldeetatik inprimatuta dago. Alde batean udalerri osoa hartzen duen plano zehatza dago, eraikinak, bideak, kaleak eta toki izenak jasotzen dituena. Beste aldean, berriz, tamaina handiko ortofoto bat dago (goitik ateratako argazki bat), herriari buruzko testu orokor batekin eta argazki batzuekin batera.

Lana Ikermap enpresak egin du Udalarentzat. Ikermapek egin zuen, baita ere, Udalerriaren azken planoa eta haren antzekoa da oraingo hau, nahiz eta, jakina, geroztik herria asko aldatu den eta aldaketa horiek guztiak jaso diren.

Toponimia finkatzen

Ikermapek ahalegin berezia egin du, planoa egiterakoan, herriko toponimia modu normalizatuan nola idatzi behar den aztertzen. Ikermapeko arduraduna, Imanol Goikoetxea, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide da eta, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera, saiakera berezia egin du baserri, mendi eta erreka izenak idazteko modua finkatzen. Aurrerantzean, planoan agertzen diren bezala erabiliko ditu toponimoak Orioko Udalak eta herritarrei ere hala egiteko aholkua ematen die.

Banaketa

Esanda bezala, herriko buzoi guztietan banatuko da planoa, bertsio tolestuan. Guztira, 2000 ale banatuko dira horrela.

Norbaitek nahi badu tolestu gabeko planoa, paretan jartzeko, Udaleko bulego teknikoan eskatu besterik ez du eta doan emango zaio.

Hemendik ere deskarga daiteke planoa, tamaina txikian, JPG formatuan:

Planoaren aurreko aldea

Planoaren atzeko aldea