Herrio natur taldeak haziak banatuko ditu azaroaren 10ean, igandearekin

Urteroko ohiturari jarraituz, Herrio natur taldeak Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko ditu azaroaren 10ean. Herriko Plaza obratan denez, Zakilaneko aldaparen hasieran jarriko dute mahaia 11:00etan eta bertan izango dira 13:30ak arte.

Ekimen horren bitartez, Herrio taldeak herritarrak sentsibilizatu nahi ditu bertako zuhaitz espezieak zaintzearen garrantziaz.

Banaketaren helburua da herritarrek zuhaitz-hazi horiek etxean ereitea eta, landaretxoa sortzen denean, kanpoan landatzea, toki egoki batean.

Euskal Herriko zuhaitzen haziak dira Herriokoek banatuko dituztenak: lizarra, gaztaina, artea, haritza, elorri zuria, gorostia, astigarra…