Gaikako bilketa hobetzeko helburua du berrantolaketak. Urola Kostako Udal Elkarteak birziklapen-tasa hobetu nahi du, batetik, eta, bestetik, edukiontzi-guneen txukuntasuna areagotu. «Herriz herri eskualdeko etxebizitza, komertzio, zerbitzu eta industrietan sortutako etxeko hondakinak biltzeko zerbitzuaren egoera aztertzea dugu helburu, optimizazio-pausuak ematen jarraitzeko» adierazi du Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko presidenteak.
Hondakinen 2018/851 Europako Zuzentarauak eta hondakinen lege-aurreproiektuak, Diputatuen Kongresuan izapidetzen ari direnak, gaikako bilketaren %60ko helburua ezartzen dute 2030erako. «2019ko datuen arabera, egun Urola Kostan %70,02an gaude —azaldu du Salsamendik—. Urtez urte ehuneko hori handitzen doa, baina salto kualitatibo bat eman nahi dugu, eta hori herritarrekin batera egin behar dugu. Berrantolaketa honekin herritarrak kontzientziatu nahi ditugu, hondakinak hobeto kudeatzeko».
Hondakinak biltzeko zerbitzuaren berrantolaketa 3 alorretan egingo da:
- Kaleko edukiontzien bilketaren azterketa
- Komertzio eta zerbitzuetako zerbitzua
- Enpresetako zerbitzua
Kaleko edukiontzien bilketaren azterketa
Kaleko edukiontzien egoeraren eta erabileraren azterketa egingo du Udal Elkarteak. Hauek aztertuko dira: pedalak, tapak, pegatina informatiboak… egon litezkeen akatsak-eta zuzentzeko.
Organikoaren edukiontzietan bereziki aztertuko da zer den bertara botatzen dena.
Horrez gain, ostalari eta komertzioen eskaerekin bat etorriz, ontzi arinen edukiontzien aho handiaren giltza emango zaie.
Bolumen handiko hondakinen zerbitzua ere aztergai izango da. Gaur egun astean behin dago aukera herri bakoitzean bolumen handiko hondakinak botatzeko. Informazioan enfasia jarriko da, adieraziz zein den eguna herri bakoitzean eta hori ez betetzeak dauzkan ondorioak: ohartarazpena edo isuna.
Edukiontzi-gune estrategikoetan informazio-euskarri bat jarriko da, hondakinen bereizketa zer-nola egin behar den azaltzen duena. Horrez gain, edukiontzi guneetan lekuz edo egunez kanpo edo gaizki bereizita dauden poltsa edo hondakinei kanpainaren pegatina bereizgarria ezarriko zaie eta bertan utzi denbora mugatu batez herritarrek ikusteko. Lan horiek egiteko, kale-ikuskatzaileak eta kale-hezitzaileak egongo dira.
Komertzio eta zerbitzuen bilketa berezia berrantolatu eta optimizatzeko pausuak emango dira
Gaur egun, 440 komertziotan egiten da bilketa berezia eskualdeko 5 herrietan. Kanpainak aztergai izango du gaur egungo bilketa zer-nola egiten den.
Bilketa-zerbitzu berezi hau ahalik eta saltoki gehienera zabaldu nahi du Udal Elkarteak. Horretarako, hezitzaile bat igaroko da saltoki guztietatik, zerbitzuaren funtzionamendua zein den azaltzeko eta iradokizunak jasotzeko.
Enpresen bilketa zerbitzu berezian ere aztergai
Urola Kostako Udal Elkarteak 2018an jarri zuen abian eskualdeko enpresen hondakinak biltzeko zerbitzu berezia. 360 enpresek erabiltzen dute gaur egun. Enpresa gehiago atxiki nahi ditu Udal Elkarteak zerbitzura. Horretarako, herri guztietako enpresetara bisitak egingo dira hondakinen bilketan jarriz fokua.
Organikoaren eta errefusaren edukiontziak berriz ere txartelarekin
2018an itxi ziren organikoaren eta errefusaren edukiontziak eta berriz zabaltzea erabaki zen martxoan, Covid-19ak eragindako pandemiaren aurrean herritarren segurtasuna bermatzeko. Orain, organikoaren edukiontzian gora egin du berez edukiontzi horretarako ez diren gaien kopuruak, eta errefusaren edukiontzietan ostalaritzako poltsa beltz asko agertzen ari dira. Ondorioz, edukiontzi horiek berriz ere txartel bidez soilik zabaldu ahal izango dira. Getariakoak urriaren 26an itxiko dira eta Udal Elkarteak aurreikusten du Oriokoak azaroan ixtea. Txartelak udaletxean edo Udal Elkartean eskatu ahal izango dira.
Informazio gehiago Udal Elkarteak atera duen prentsa-oharrean.