Erosketa-bonuen kanpaina egingo du Udalak azaroan, herriko merkataritza suspertzeko

Herriko denda eta zerbitzuak indartzeko eta bertatik bertarako kontsumoa bultzatzeko asmoz, Udalak berriro egingo du erosketa-bonuen kanpaina bat. Kanpaina azaroan egingo da eta aldaketa hauek izango ditu ekainean egin zenarekin alderatuta:

  • Oraingo honetan, herriko establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute (ekainekoan alarma-egoeran itxita egondakoek bakarrik parte hartu zuten)
  • Bonua erosteko, Orion erroldatua izan behar da nahitaez
  • Ez da mugatuko denda bakoitzak zenbat erosketa-bonu hartu ditzakeen (aurrekoan, denda bakoitzak gehienez 20 bonu hartzea zeuzkan; oraingoan, mugarik ez dute edukiko)

Turismo-bulegoan salgai

Turismo-bulegoan salduko dira erosketa-bonuak azaroaren 2tik aurrera, ordutegi honetan: 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

Pertsona bakoitzak bonu bakar bat erosi ahal izango du, 40 euro ordainduta, eta, bonu hori baliatuta, 60 euroko erosketa egin ahal izango du kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan (ez du zertan dena denda bakar batean gastatu behar; aukera izango du 15 euroko lau erosketa egiteko). Udalak, hortaz, 20 euro jarriko ditu saltzen den bonu bakoitzeko, horretarako sortu duen partida berezitik ordainduko direnak.

Udalak gehienez 1.000 erosketa-bonu jarriko ditu salgai. Bonua erosteko, Orion erroldatua izan behar da eta hori frogatu egin behar da, nortasun-agiria edo errolda-agiria erakutsita. Bonuaren ordainketa banku-txartelaren bidez egin behar da.

Bonuak erabiltzeko epea azaroaren 30era artekoa da.

Dendek izena emateko epea

Orioko denda eta zerbitzu guztiek izango dute aukera erosketa-bonuen kanpainan parte hartzeko. Horretarako, izena eman behar dute aldez aurretik, beheko eskabidea bete eta udaletxean aurkeztuz (edo udal-webgunearen bidez: https://orio.eus/udala/tramiteak ).

Denda eta zerbitzuek izena emateko azken eguna urriaren 29a izango da.

Baldintza hauek bete beharko dituzte establezimenduek kanpainan parte hartzeko:

  • 10 langile baino gutxiago izatea.
  • Pertsonei zuzendutako produktu edo zerbitzuak saltzea.
  • Establezimendua Orion izatea.

Tabakoari eta jokoari lotutako ondasunak edo zerbitzuak saltzen dituzten establezimenduak kanpaina honetatik kanpo geratuko dira.

Erosketa-bonuen kanpaina arautzen duten oinarriak eta establezimenduek aurkeztu behar duten eskaria hemendik deskargatu daitezke: