Filmazpit programaren barruan antolatu du Udalak zine-emanaldia. Programa horren bidez euskarazko azpitituludun zinema sustatu nahi dute Zineuskadi elkarteak eta Donostia Kulturak, programaren bultzatzaileek.
Filmazpit programak hainbat film eskaintzen dizkie udalei, beti jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulatuta. Orioko Udalak programarekin bat egiten du eta, aldian behin, Filmazpiten katalogoko filmak ematen ditu bere kultur agendaren barruan.
‘Idazketa-tailerra’ filmaren emanaldia urriaren 24an izango da, asteazkenarekin, 19:00etan hasita, kultur etxean.
Idazketa-tailerra (L’Atelier)
‘Idazketa-tailerra’ Frantziako film bat da, Laurent Cantet zuzendariak 2017an egindakoa.
Antoinek idazketa-tailer batean parte hartzea onartu du. Tailer horretan gazte talde batek, gizarteratze-programa baten barruan, eleberri bat idatzi behar du Olivia idazle ospetsuaren laguntzarekin. Tailerreko lanaren ondorioz hiriko langile-iragana eta duela 25 urte itxitako ontziola ekartzen da gogora baina Antoineri ez zaio batere interesatzen. Egungo kezketan murgilduta, aurka egiten dio taldeari eta Oliviari. Gazteak erakusten duen indarkeriak ikaratu eta era berean erakarri egiten du eleberrigilea.
FITXA TEKNIKOA
Idazketa-tailerra (L’Atelier, Frantzia, 2017)
Zuzendaritza: Laurent Cantet
Gidoia: Robin Campillo, Laurent Cantet
Ekoizpena: Denis Freyd / Archipel 35, France 2 Cinéma
Argazkia: Pierre Milon
Muntaketa: Mathilde Muyard
Musika: Bedis Tir, Édouard Pons
Aktoreak: Marina Foïs, Matthieu Lucci, Warda Rammach, Issam Talbi, Florian Beaujean
Iraupena: 114 min.
Hizkuntza: Frantsesa euskarazko azpitituluekin